Partida garaitzeaz gain, Liga ere eskuratu zuen larunbatean Ostadarreko Infantil txikiak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 11a, 15:30
Ostadar Infantil txiki mailako taldearen erasoerako bat.

Ostadar Infantil txiki taldeak denboraldiko azken partida jokatu zuen maiatzaren 7an, Maialen Chourraut kiroldegian. Zirraraz betetako partida izan zen taldearentzat. Oiarso taldearen aurka partida borrokatua jokatu eta garaipena lortzeaz gain, Gipuzkoako txapelketa ere eskuratu baitzuen talde urdin-beltzak

Lehen laurdena, ordea, ez zuen aldeko izan etxeko taldeak. Oiarsok defentsa lan ederra egin zuen eta 8-11 aurreratu zen.

Arerioak erritmo berean hasi zuen bigarren laurdena; Ostadarrek, berriz, bere defentsa indartu eta erasoan aukerak ongi baliatu zituen 8 eta 2ko partziala egin eta atsedenaldira 16-13 joateko.

Bigarren zatia, berdinduagoa izan zen. Entrenatzaileen aholkuak entzun eta bi taldeek erasoan jokatu zuten. Saskiratzeak ugariak izan ziren eta 27nako berdinketarekin amaitu zen hirugarren laurdena.

Urduritasuna nabaria zen Ostadarreko jokalarietan laugarren laurdeneko lehen minutuetan eta aurkariak ongi baliatu zuen egoera aurre hartzeko. 

Etxeko taldeak ez zuen amore emango, ordea. Egoerari itzulia eman eta euren onena erakutsiaz, hamar tanto jarraian egin zituzten infantil txikiko jokalariek.

Epaileak neurketaren amaiera adierazi zuenean, jokalari eta zaletuak saltoka hasi ziren. Garaipenaz gain, Liga ere eskuratu baitzuen Ostadar SKTko taldeak.

Nahia Carrillo entrenatzaileak Oiarso taldeko jokalariei eskerrak eman eta egindako lanarengatik zoriondu nahi ditu, "partida ona egin dute". 

Horrez gain, prestatzailea pozarren dago infantil txikiko jokalariek egindako lanarekin: "Denboraldi luze eta gogor baten ostean, lehen postua eskuratu dugu. Harro gaude taldeaz".