Andoni Illarramendik duatloi motzeko Euskadiko, zein Gipuzkoako txapelak jantzi ditu

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 11a, 13:00
Andoni Illarramendi herrritarra, Azkoitiko duatloiko podiumean. Arg.: Maxixatzen.

Triatloia denboraldia hastear da. Mutrikuko Triatloi Sprint proba izango da lehena. Maiatzaren 14an, larunbatarekin jokatuko da proba eta Gipuzkoako txapelketa izango da jokoan. Denboraldia prestatu eta gorputzak suspertzeko duatloi denboraldia baliatu dute herriko hainbat kirolariek. Azkoitiko duatloian, Andoni Illarramendi herritarra beterano 2. mailako podiumera igo zen

Apirilaren 30ean, Azkoitiko duatloia lehiatu zen. Lasterketa horretan, gainera, Euskadiko zein Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako distantzia motzeko txapeldunak erabaki ziren.

Parte hartzaileek hiru eremuri aurre behar izan zieten: hamar kilometro lasterka, 40 kilometro bizikletan eta azkenik, beste bost kilometro korrika.

Hiru herritarrek parte hartu zuten Azkoitiko proban: Lasarte-Oriako Trinko Triatloi taldeko Imanol Arteaga eta Iurgi Los Arcos eta Zumeatarra taldeko kide Andoni Illarramendi.

Illarramendik lortu zuen hiruetatik sailkapenik onena; ibilbidea 02.07.52 egin zuen. Sailkapen orokorrean hemeretzigarren izan zen eta beterano 2. mailako txapela jantzi zuen bai Euskadi mailan, baita Gipuzkoa mailan ere.

Trinkoko kide Arteagak 02.14.52ko denbora egin zuen eta Los Arcosek, berriz, 02.26.58 behar izan zituen lasterketa amaitzeko.