ESKUALDEA

Usurbilgo Lanbide Eskolak prestakuntza osagarria emango die ikasleei

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 11a, 12:20
Astean sei orduko eskolak eskainiko dizkie ULEk estudianteei. Argazkia: Usurbilgo Lanbide Eskola.

Usurbilgo Lanbide Eskolak (aurrerantzean, ULE) iragarri du Lanbide Heziketa egitea aukeratzen duten ikasleei aukera emango diela unibertsitate prestakuntza osatzeko, STEAM gaitasunak indartzearen bidez. "Azken urteetan DBHko gero eta ikasle gehiagok aukeratzen dute gugana etortzea, eta etorkizunean unibertsitatera joan ahal izateko formakuntza osagarria emango diegu, ondoren lan mundura igaro daitezen".

Batxilergoan gehien lantzen diren alorrak sendotzea da ULEren helburua, eta, horretarako, astean sei orduko indartze eskolak eskainiko dizkie gazteei, alor hauetan: Robotika eta Programazioa, Matematika,  Fisika, Kimika, Gaztelania eta Filosofia.

Ikastetxeko zuzendari Isidro Zalduak adierazi duenez, STEAM gaitasunak irakasterako orduan "diziplina anitzeko erronkak" planteatuko ditu Usurbilgo Lanbide Eskolak, "errealitatearekin zerikusi zuzena izango dutenak". "Lan-munduak erronka berriei aurre egiteko gai izango diren teknikariak prestatzea eskatzen digu; arazo konkretuak konpontzeaz gain, ibilbide luzeagoko irtenbideak eskaintzeko gai izan beharko dute". 

Izena emateko epea, zabalik 

Datorren ikasturtean erdi edo goi mailako zikloren bat egin nahi dutenek hilaren 27ra arte eman dezakete izena. Edozein zalantza argitzeko, 943-36 46 00 telefono zenbakira dei edo adkomunikazioa@lhusurbil.eus helbide elektronikora idatz dezakete.

Bost familia profesionalei dagozkien Goi Mailako eta Erdi Mailako heziketa zikloak eskaintzen ditu Usurbilgo Lanbide Eskolak, euskaraz eta gazteleraz (goi mailako zikloetan ingelesez ere egin daiteke heziketaren parte bat). Zikloak espezialitate hauetakoak dira: Instalazioa eta Mantenua, Energia eta Ura, Administrazioa, Elektrizitatea eta Elektronika eta Mekanika. Horrez gain, ikastaro eskaintza zabala du bai langileentzat, bai langabezian dauden pertsonentzat.