Azken jokaldian lortutako garaipena

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 11a, 11:00
Gesalaga Okelan Zarautz taldeko jokalaria, Urgozoz taldearen defentsa gainditu nahian.

Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak RT eta Zornotzako Urgozoz RT taldeetako zaletuek hartu zuten maiatzaren 7an, Michelin Kirol guneko zelaia. Euskal Ligako 2. Mailako neurketa zirraragarria izan zen; beltzek eskuratu zuten garaipena, 22-21

Hasieratik, bi taldeek borroka latza izan zuten jokoan nagusi izateko. Ez zen ez bata ez bestea gailendu. Alabaina, 15. minutuan zornotzarrak izan ziren aurre hartu zutenak eta hamar minutu ondoren, beste entsegu bat egitea ere lortu zuen aurkariak. 

Beltzek ez zuten amorerik emango eta Joanes Zendoiaren entsegu eta Jokin Beloki herritarraren gauzatzeari esker errenta txikitu zuten. Atsedenaldira 7-14 joan ziren.

Bigarren zatian, etxeko taldeak  jokoa zuzentzen saiatu zen. Eraso ugari sortu zituzten jokalariek eta beltzek jaso zuen fruitua Gorka Alvarezen entseguari esker.

Lorpenak eta ikusleen animoek jokalariak bultzatu eta Belokik entsegua eta gauzatzea lortu zituen etxeko taldea aurretik jarriaz, 19-14.

Urgozoz taldeak, ordea, ez zuen garaipena hain erraz ihes egiten utziko. Metroak irabazi eta entsegua lortu zuen, baita gauzatzea ere. Beraz, 19-21 aurreratu zen berriro ere.

Jokoa bizia zen eta beltzen bi eraso zapuztea lortu zuen arerioak. Epaileak azken jokaldia izango zela iragarri eta Zornotzako taldeak falta egin zuen. Zigor-ostikoa 45 metrora egon arren, Belokik ez zuen zalantzarik egin ostikoa ematerakoan. Makilen artetik pasa zen baloia eta partida irabazteko hiru puntuak eskuratu zituzten beltzek.