Aparkalekuetan utzita dauden bizikletak erretiratzeko eskatuko du EAJk biharko udalbatzarrean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 11a, 08:00
Pintore kalean dagoen aparkaleku horretan abandonatutako zenbait bizikleta daude. Argazkia: Lasarte-Oriako EAJ.

Lasarte-Oriako EAJk mozio bat aurkeztuko du bihar arratsaldeko ohiko udalbatzarrean, eta udal gobernuari eskatuko dio horretarako prestatuta dauden 39 aparkalekuetan nahiz baimendu gabeko eremuetan zehar utzita dauden bizikletak erretiratzeko. Horretarako araudi bat sortzea galdegingo dio, eta aztertzea zer egin daitekeen egoera txarrean dauden ibilgailu horiekin guztiekin. 

Hauxe da jeltzaleek aurkeztuko duten mozioaren testua, hitzez hitz:

Administrazio publikoak gero eta ahalegin handiagoa egiten ari dira garraio publikoaren eta bizikletaren erabilera sustatzeko, bai eta kale nagusiak oinezkoentzat jartzeko ere, oinezkoei lehentasuna emanez eta ibilgailu motordunen gehiegizko erabilera saihestuz. Lasarte-Oriaren kasuan, 2019ko osoko bilkuran onartu zenetik, Hiri Mugikortasun Jasangarriko Plan berri bat lantzen ari gara. 

Duela gutxi, Hirigintzako Batzordean eta Lasarte-Oriako herritarrei, bilkura irekian, Ekintza Plan bat aurkeztu zaie, mugikortasunaren hainbat arlotan kontuan hartu beharreko 67 neurrirekin. Plan horretan, besteak beste, hiri-autobusera, zirkulazio-noranzkoak aldatzera edo bizikleta-ibilbideen sare batera bideratutako proposamenak aurkitu ditugu. Planaren arabera, Lasarte-Oria, hirigintzaren aldetik duen ezaugarria dela eta, bizikletaren erabilerari begirako potentzial handiko udalerria izan daiteke. Izan ere, gaur egun, bizikletaz egiten diren barne-desplazamenduak barne-desplazamenduen % 6 baino ez dira, eta bizikletaz egiten diren mugimenduen % 25era iristea aurreikusten da. 

Bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzeko proposamenen artean, bide publikoko eta kanpoko aparkaleku-eskaintza handitzea proposatzen da, eta bizikleta-aparkalekuak etorkizunean nola izan behar luketen planifikatzen da. Gaur egun, 39 ditugu, Lasarte-Oriako hainbat lekutan. Bizikleta-aparkaleku horietako asko bizikleta-erabiltzaileentzako leku estrategikoetan daude, baina gero eta bizikleta-aparkaleku gehiagotan, zoritxarrez, bizikleta abandonatuak, zatikatuak edo egoera txarrean dauden elementuak aurkitzen ditugu, eta horrek zaildu egiten du txandaketa eraginkorra izan dadin benetako interesa duten pertsonek azpiegitura publiko horiek erabiltzea, bai eta segurtasun-gabeziaren, zikinkeriaren eta abandonuaren sentsazioa desagerraraztea ere. 
Egoera hori kontuan hartuta, EAJ/PNVk honako hau eskatzen du: 

  1. Egoera txarrean edo abandonatuta dauden bizikletak erretiratzea ahalbidetuko duen araudia sortzea, bai bizikletentzat prestatutako puntuetan, bai baimendu gabeko puntuetan.
  2. Erretiratutako bizikletekin zer egin aztertzea.