Musika eta dantza eskoletan aurrematrikulatzeko epea irekita dago

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 11a, 09:00
Hiru ikasle, 2019ko Eguberrietako kontzertuan.

Datorren ikasturtean ere aukera izango dute herriko gaztetxoek Udal Musika Eskolan nahiz Dantza Eskolan ikasteko. Matrikula ekainaren 13tik 24ra egin beharko dute, baina, horretarako, aurrematrikulatuta egon beharko dute. Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi duenez, tramite hori burutzeko epea irekita dago, eta azken eguna hilaren 20a izango da, ostirala.

Hauek dira Udal Musika Eskolako ikastaro bakoitzaren tasak:

Ikastaroa Herrian erroldatuak Herrian erroldatu gabeak
Musika txokoa 291,65 euro 350,85 euro
Hizkuntza musikala 291,65 euro 350,85 euro
Musika instrumentua 291,65 euro 350,85 euro
Txistua edo akordeoia 228,35 euro ----------
Hizkuntza musikala eta instrumentua 540,30 euro 655,70 euro
Hizkuntza musikala eta txistua edo akordeoia 423,40 euro ----------
Korua 48,85 euro 59,30 euro
Ganbera 146,65 euro 176,10 euro
Instrumentu taldea 96,25 euro 116,95 euro

Udalak zehaztu du kurtso horietako batean tokia eskatzerako unean kuotaren %10 ordaindu beharko dutela herritarrek, eta adjudikatua izan zaien ala ez posta elektroniko bidez jakingo dutela. Gaztetxartela duten lasarteoriatarrek %10eko hobaria izango dute; familia ugaria dutenek, %30ekoa. Azken horiek onurak eskatu ahalko dituzte baldin eta familiako bi kide baino gehiago matrikulatzen badituzte musika eskolan.

Ikasturtearen hasiera, urriaren 3an

2022-2023 ikasturtean Dantza Eskolan ikasten duten lasarteoriatarrek urriaren 3an hasiko dute kurtsoa, udalak ezagutarazi duenaren arabera. Udal Musika Eskolan bezalatsu, aurrematrikula hilaren 20ra arte egin ahalko dute, eta matrikula, ekainaren 13tik 24ra. 

Eskola egun eta ordutegiak ikasleen adinaren arabera finkatu dituzte arduradunek: 6 urte dituzten ikasleek astearte eta ostegunetan egingo dituzte saioak, 17:30etik 18:15era; 7 urtekoek, astelehen eta asteazkenetan, 17:30etik 18:15era; 8 urtekoek, astelehen eta asteazkenetan, 18:15etik 19:00etara; eta, 12 urte baino gehiago dituztenek, astelehen eta asteazkenetan, 19:00etatik 20:30era. 

Herrian erroldatuta dauden ikasleek 30 euro ordaindu beharko dituzte hileko, eta ez erroldatuek, bikoitza, 60 euro. Gaztetxartela duten herritarrek %10eko deskontua izango dute.