Herri eragileekin garatu nahi du udalak II. Berdintasun Plana

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 11a, 10:00

Aipatu dokumentua lantzeko berdintasun teknikari bat kontratatu du erakundeak; ekainean hasiko da lanean

Maiatzeko ohiko udalbatzarrean onartu zuten aho batez II. Berdintasun Plana, eta lau urteko indarraldia duenez, hori garatzeko gizarte eragileak gonbidatu ditu, Lasarte-Oriako Udalak, prozesuan parte hartzera: "Herritarrei eta eragile sozial eta kolektiboei dei egiten diegu elkarrekin lan egin dezagun berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko".

Nabarmendu du beharrezkoa dela "benetako berdintasunaren aldeko apustua" egiten dutenak elkarrekin aritzea, eta azpimarratu, Lasarte-Oriako Udaletik lan asko egin dela, betiere lasarteoriatarren eskutik. "Planaren aurkezpenean berretsi zen udalak berdintasunaren alde egindako ibilbidea eta konpromisoa. Martxoaren 8ko edo azaroaren 25eko ospakizun garrantzitsuekiko konpromiso berezia, non ehunka pertsonak hainbat jardueratan parte hartzen duten. Emakumearen Zentroko eguneroko lanean islatzen da, baita jaietan tratu txarren inguruan egin ditugun kanpainetan ere".

Gizarte Zerbitzuen Sailak baliabiderik ez duten emakumeekin edo tratu txarrak jasan dituztenekin egiten duen lana ere balioan jarri nahi izan du erakundeak. 

Lehen planaren ostekoa

Lasarte-Oriako Udalak 2016-2019ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako lehen Plana egin zuen. Kanpo aholkularitza batek baloratu zuen 2020an, eta txostena hobetzeko hainbat gomendio eman zizkion erakundeari. Horren ostean egin zuen II. Berdintasun Plana (2021-2025), aurrekorentzako jasotako gomendioak kontuan hartuta. Bigarren hori hezurmamitzeko, parte hartze prozesu zabal bat egin asmo zuen udalak, baina COVID-19aren pandemiak dokumentua hobetu zezaketen elkarrizketa asko egitea eragotzi zuela nabarmendu du. 

Gogorarazi du udalerriko emakumeen eta gizonen berdintasunerako plan bat dela eta bertan zehazten direla emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna lortzeko udaleko sailek aplikatu beharreko neurriak zeintzuk diren: "Korporazio osoaren konpromisoa da. Lortutako informazioan oinarritu behar du eta denbora tarte mugatu batean egin behar da".

Arestian aipatu bezala, II. Berdintasun Planak lau urteko indarraldia du, zeharkakoa da eta integratzailea. Haien ekintzak egingarriak dira, eta guztiak ebaluatu beharko dira. Helburuen artean, honako hauek nabarmendu ditu udalak:

  1. Hizkuntzaren erabilera ez-sexistari buruzko eskuliburua egitea.
  2. Hizkuntza inklusiboa pixkanaka txertatzea.
  3. Lasarte-Oriako elkarteei aholkularitza eta prestakuntza eskaintzea beren jardueretan genero ikuspegia txertatzeko.
  4. Hezkidetzari eta indarkeria matxistaren prebentzioari buruzko prestakuntza antolatzea.
  5. Diskriminazio anizkoitza duten edo gizarte-bazterketako egoeran dauden emakumeen egoerari buruzko azterlan bat egitea.
  6. Berdintasunaren arloko sentsibilizazio-ekintzak sustatzea kirol-lehiaketetan, kiroldegietan eta abar luze batean.

Berdintasunak "guztion konpromisoa eta parte-hartzea" eskatzen duela azpimarratu du, eta berretsi, berdintasunaren alde herritarrekin lan egiteko prest dagoela.