Maiatzaren 8an, Ordizian antolatu zen infantil mailako eskolarteko taldeko Gipuzkoako txapelketa. Atleta gaztetxoek zortzi probatan parte hartu zuten: 80 m., 500 m. eta 1.000 m. lasterketan, 80 m. hesi-lasterketa, luzera-jauzia, altuera-jauzia, pisu jaurtiketa eta 4x80 m. errelebo-lasterketa.
Ostadar SKTko gaztetxoek guztira 19,5 puntu eskuratu eta podiumeko hirugarren mailar igo ziren.
Egun bat lehenago, Donostian eta Durangon lehiatu ziren herriko atletak.
Anoetako miniestadioan, 16 urtez azpiko Gipuzkoako txapelketako hiru proba jokatu ziren 100 m. eta 600 m. lasterketak eta luzera-jauzia.
Lasarte-Oriako taldeko hainbat gaztetxo izan ziren lehian. Horien artean, Oinatz Almagro laugarren postuan izan zen luzera-jauzian (4,92) eta Iraia Alkortak 12,97 egin zuen 100 m. lasterketan.
Gaixotasun eta lesioak medio, talde urdin-beltzeko ordezkari bakarra izan zen Durangon antolatu zen 18 urtez azpiko Euskadiko txapelketan.
Unai Riezuk 100 m. lasterketan parte hartu zuen eta bere marka pertsonala ondu zuen, 12,01 eginez.
Bestetik, Gipuzkoako 16 urtez azpikoarekin batera, proba libreak egin ziren eta maila ezberdinetako atletak bildu ziren bertan. Emaitzarik nabarmenenak honakoak izan ziren: Maider Rekondo disko jaurtiketan bere markatik gertu ibili zen, 45,96 m.; Naroa Furundarenak 5,98 metroko jauzia egin zuen luzera proban eta Aiala Ramosek 25,96 metroko jaurtiketa egin zuen xabalina-jaurtiketa proban.
Hurrengo hitzorduak
Eta taldeko ordezkariek ez dute atsedenik. Maiatzaren 14an, Enara Gonzalezek eta Naroa Furundarenak Super Amara BAT taldearekin parte hartuko dute Espainiako Kluben Ligako bigarren jardunaldian, Zaragozan.
Taldeko alebinak, berriz, eskolarteko taldekako Gipuzkoako txapelketan lehiatuko dira maiatzaren 15ean, Tolosan.