Eguzki Arkupe Rehabilitaciones Ligako azken faserako sailkatu da

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 10a, 14:45
Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeko jokalaria, erasoan.

Gipuzkoako 1. Mailako Liga arrunta amaitu da. Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak 5-1 garaitu du Euskalduna azken jardunaldian eta hirugarren postuan sailkatu da. Ondorioz, txapelketako finalerdietan izango da. Arerioa TEEP Tolosala izango da

Partida garrantzitsua jokatu zuten Eguzki Arkupe Rehabilitaciones eta Euskalduna taldeek maiatzaren 6an, Maialen Chourraut kiroldegian. Bi taldeek azken faseko sailkatzea zuten jokoan eta zelaian nabaritu zen.

Nahiz eta azken emaitza 5-1eko izan, neurketa berdindua izan zela onartu du Josu Lopez entrenatzaileak: "Partida zaila izan zen eta jokatu aurretik hori bagenekien".

Bi taldeak garaipena buruan atera ziren. Alabaina, Josu Lopez eta Mikel Escribanoren taldeak lan ederra egin zuen eta  aukerak ongi baliatu zituen: "Taldeak neurketa paregabea egin du eta guztiek egindako lanarekin pozarren nago". 

Entrenatzailearen ustetan, defentsan eta atean egon da Euskalduna gainditzeko gakoa: "Taldeak defentsan ahalegin handia egin zuen eta Aitor atezainak ere partida ederra egin du".

Helburua beteta

Garaipenaren puntuei esker, herriko taldea sailkapeneko hirugarren postuan amaitu du Liga eta txapeldun izateko bidean sartu da.

Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeko kideek pena dute bigarren postuan mantendu ez izanagatik: "azken asteetan ez gara fin ibili eta ezin izan dugu gure jokoa egin. Eta horrek bigarren postua galtzea ekarri du".

Hala ere, denboraldiko helburua bete dutela nabarmendu du Lopezek: "Txapelketako azken fasean sailkatzea zen gure helburua eta hori lortu dugu. Fase arruntean ederki ibili da taldea eta lehen lauen artean egotea merezi genuela erakutsi dugu. Pozik nago".

Finalerdi zaila 

Finalerdian TEEP Tolosala taldea izango dute aurrez aurre. Bi neurketako kanporaketa izango da. Lehena etxean jokatuko dute.

"Talde polita du Tolosalak eta zaila izango da gainditzea. Hala ere, etxean jokatzen dugu eta azken partidetan jarrera paregabea izan duten zaletuen laguntzaz, kanporaketa bideratuko duen emaitza egitea espero dugu. Gure taldean sinesten dut eta finalean egongo garela uste dut", adierazi du prestatzaileak.