250 lagun baino gehiagok izena eman dute ostegunean hasiko den XIV. Udaltopen

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 10a, 13:00

Eskolak bakarrik ezin badu... Zer eta nola egin behar dugu udalerrian hobeto 16 urte bitartekoentzat hizkuntza politika egokia antolatzeko? izenburupean, udaletako Euskara zerbitzuen aurtengo topaketen "helburu nagusia" izango da adin tarte horretako neska-mutilentzat "hizkuntza politika egokia antolatzeko jarraibideak" ematea, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Pandemiaren aurreko formatu presentziala berreskuratu du aurten Udaltopek, baina nahi dutenek aukera izango dute jardunaldiak sarean jarraitzeko. 250 pertsonak baino gehiagok izena eman dute.

Egitarauak "lau ardatz nagusi" izango ditu: eskola, ikuspegi orokorra, talde lana eta eskolaz kanpoko jarduerak. Aurtengo aldia ere euskararen lurralde guztietako erakundeek antolatu dute: Euskal Hirigune Elkargoa; Eusko Jaurlaritzak; Nafarroako Gobernuak; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek; Lasarte-Oriako Udalak; eta, aurten aurrenekoz, Jaurlaritzako Hezkuntza sailak. Erakunde horren baitan dagoen Berritzeguneetako Hizkuntza Normalizaziorako Aholkularitza Zerbitzua batu izana da XIV. Udaltopen "nobedade aipagarrietako bat". "Komenigarria, beharrezkoa eta aberasgarria iruditu zaigu antolamenduaren ikuspegia hedatzea eta hizkuntza politikaren arloan gabiltzan eragileok hezkuntzakoekin elkarlanean jardutea".

Aurkezlea, Pili Kaltzada 

Hilaren 12an eta 13an egingo dituzte udaletako Euskara zerbitzuen topaketak. Hizlariak eta saioak "definituta" daudela azpimarratu dute antolatzaileek, eta iragarri Pili Kaltzada kazetaria izango dela aurkezlea. Martxoan iragarri zituzten programaren ildo nagusia, baina ordutik hona "nobedade batzuk" gehitu dituztela esan dute. Bi nabarmendu dituzte: batetik, Seaska ikastolen elkarteko ordezkari Xan Aire etorri eta Ipar Euskal Herrian haur eta nerabeen euskarazko errealitatea hobetzeko gakoak emango dituela; eta, bestetik, hitzaldi artean aurtengo gaiarekin lotura duten praktika onak ezagutu ahalko dituztela partaideek, bideo testigantza bidez. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Ipar Euskal Herri eta Nafarroako lekukotzak bildu ditu antolakuntzak, eta hizlarien esperientziak ikus-entzunezko labur batzuetan jaso.