Oztaran eta Arranbideko Plan Zuzentzailea diseinatzeko bertako bizilagunen parte hartzea deitu du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 10a, 13:10

Oztaran eta Arranbide auzoko Hirigintza Plan Zuzentzailea idazten hasiko dela iragarri du Lasarte-Oriako Udalak. Plan horren gaineko informazioa emateko bilera deitu dute, maiatzak 19an, osteguna, 18:00etan Arranbide auzoko udal lokalean (Arranbide 4)

Plan hori idazteko auzotarren parte hartzea ahalbidetu nahi du udalak, eta horretarako, Oztaran eta Arranbideko bizilagunekin bilera bat deitu du. Deialdi horretara joan daitezen animatu nahi ditu. 

Aurreratu duten informazioaren arabera, honako zazpi ardatzak izango ditu plan zuzentzaileak: 

  1. Auzoaren eta Lasarte-Oriako gainerako auzoen arteko irisgarritasuna eta konektagarritasuna
  2. Eraikinen eta espazio publikoaren arteko harremana hobetzea
  3. Espazio libreen azalera handitzea eta hobetzea
  4. Ibilgailuak aparkatzeko guneen proposamena
  5. Auzoa genero-ikuspegitik hobetzeko azterketa, egon daitezkeen puntu beltzak kontuan hartuta.
  6. Eraikinak birgaitzea: irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna
  7. Eraikinen  estalkiak aprobetxatuz energia komunitateak lortzeko proposamenak

Fase ezberdinak izango dituela; hiru zati nagusi hauetan oinarrituko da: hasierako diagnostikoa, diagnostiko parte hartzailea eta azken dokumentua.

  1. Hasierako diagnostikoa. Iinformazioa eta dokumentazioa bilduko dira: eremuaren azterketa eta diagnostiko soziourbanistikoa, degradazio ekonomiko-sozialerako eta urbanistiko-arkitektonikorako baldintzak, eta arazoak nahiz gatazkak identifikatzea. Gainera, jarduera ildo bakoitzean planteatutako irtenbideak aztertu beharko dira aldez aurretik, eta antzeko esku-hartzeen ereduak aztertu. Fase honetan, jendeak parte hartzeko hasierako saio bat egingo da, bigarren fasean egingo den prozesuaren berri emateko eta parte hartzeko prozesuari buruz egiten diren iradokizunak aztertzeko. Horrela lortuko da lehenengo dokumentua.
  1. Diagnostiko parte-hartzailea. Saio publikoen, inkesten eta herritarrek parte hartzeko beste edozein moduren bidez, bigarren dokumentu bat egingo da. Fase honetan gutxienez bi saio publiko egin beharko dituzte. 
  1. Behin betiko dokumentua idaztea. Udalean bigarren dokumentua aurkezten denean, erakundeak hilabeteko epea izango du planean jaso beharreko jarduerak ezartzeko. Fase horretan, gutxienez jendaurreko saio bat egin beharko da euskaraz eta beste bat gaztelaniaz, herritarrei erabakiaren eta horren oinarriaren berri emateko.

Auzotarrei laguntza eske

Aipatu Hirigintza Plan Zuzentzailea burutzeko auzoetako bizilagunen laguntza behar du udalak: batetik auzoaren eta bertako eraikinen inguruko informazioa biltzeko, eta, bestetik, aurrera begirako hobekuntzen proposamenak zehazteko.

Izaera orientagarria izango du, eta ez arautzailea.  Oztaran eta Arranbiden jarduteko jarraibide orokorrak ezarriko dira, publikoak zein pribatuak (eraikinak birgaitzea, aparkaleku pribatuak), eta jarduketa eta eraldaketa estrategia bat ezarriko da, faseka gauzatuko dena.

Prozesuan bizilagunak parte hartzea nahi du udalak; horien iritziak jakin eta horren arabera egokitzeko dokumentua. Informazio hau bildu asmo du: 

  • Bizilagunek eraikinen birgaitzeari dagokionez dituzten aukerak eta benetako beharrak.
  • Herritarrek planaren gainerako ardatzei dagokienez egin beharreko gainerako jarduerei buruz duten iritzia.