Munduko Dantzak egitasmoan parte hartuko dute Kukukak eta Semblante Andaluzek

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 10a, 11:39
Kukuka izango da larunbateko topaketan parte hartuko duen taldeetako bat. Herriko bestea, Semblante Andaluz.

Munduko Dantzak egitasmoa sortu du Abarka Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Horren bidez, Oiartzungo herriari eta munduari erakutsi nahi dio dantza modu bat dela komunitatea sortzeko eta kohesioa indartzeko. Topaketa bat egingo dute larunbat honetan, 11:00etatik 13:00era. Herrialde desberdinetako hamar dantza talde gonbidatu dituzte, eta bi Lasarte-Oriakoak dira: Kukuka Antzerki eta Dantza Eskola eta Semblante Andaluz elkartea.

Dantza "herrien benetako adierazpena" dela iritzita, munduko toki ugaritako hamar dantza talde elkartuko ditu Abarkak larunbat honetan, Oiartzungo Done Eztebe plazan. 11:00etatik 13:00era topaketa egingo dute, eta ondoren, luntxa, "partaideek elkar ezagutzeko aukera izan dezaten", antolatzaileek nabarmendu dutenez. Munduko Dantzak egitasmoaren barruko jarduera da, bi ordukoa: "Beste toki batzuetako koreografiak eta musika erritmoak aurkeztuko ditugu udaletxeko plaza nagusian; gertutik, beste leku batzuetara bidaiaraziko ditugu ikus-entzuleak". 

Abarkako lagunek zehaztu dutenez, ekimenak hiru xede nagusi ditu: Oiartzungo komunitateari zein inguruko herrietakoei euren kaleak partekatzen dituzten kulturetako kideak hurbiltzea; herritarrak sentsibilizatzea komunitatean bizitzeko beharraz, gainerako errealitateak kontuan izanda; eta ikaskuntza sustatzea, aurkikuntzaren eta entretenimenduaren bidez.

Abarka erakundea 2015ean sortu zuten, eta orduz geroztik "hazten" ari da, "etengabe". Xedea da "elkartearen onuradun diren pertsonen bizitza atseginagoa egiteko irtenbideak ematea".