Dozenaka herritarrek bat egin dute Sarek Orion egin duen mobilizazioarekin

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 9a, 12:54
Lasarte-Oriako eta Usurbilgo zutabeek bat egin zutenean talde argazkia atera zuten. Argazkia: Joxe Mari Agirretxe.

Izan Bidea egitasmoaren barruan, Sare Herritarrak aldarrikapen ekintza bat egin zuen Orion, iragan larunbatean. Hamaika herritako biztanleek parte hartu zuten ekimenean, baita dozenaka lasarteoriatarrek ere. Goizean Okendotik abiatu, Usurbildik zetorren zutabearekin bat egin, eta giro ederrean joan ziren kostako herri horretaraino, mendian barrena. Ekitaldi nagusian parte hartu eta bertan bazkaldu zuten, eguraldi bikaina lagun.

Urriaren 8an Sarek amaitutzat emango du duela bi urte ezarri zuen erronka: 3.127.326 kilometro egitea, Euskal Herrian dauden biztanle adina kilometro, honen guztiaren alde: bizikidetza, bakea eta euskal presoak etxera itzultzeko prozesua. Urrats horiek mila modu eta eratan egin dituzte, bai mobilizazio eta ekimenen bidez, baita bi urte hauetan Izan Bidea aplikazioan banaka edo taldeka egindako urratsak erregistratu dituzten herritarren ekarpenaren bidez, aldarrikapen hauek mendira eramanez, eta abar.

Erronka horren bitartez, euskal presoei ezarritako salbuespeneko espetxe politika bertan behera uzteko "Euskal Herriak duen nahia" islatu du eragileak."Hein handi batean, lortu dugu, azken bi urteetan aldaketa garrantzitsuak ikusten hasi garelako alor horretan: 40 urte luzez ezarritako urruntze politikarekin amaitzen hasiak gara eta isolamendua eta lehen gradua iraganean geratu dira". Edonola ere, bide honetan urratsak ematen jarraitzea "funtsezkoa" dela nabarmendu du Sarek, eta horretan jarraitzeko eskatu die herritarrei. "Oraindik luzea da egiteko dugun bidea: 85 dira oraindik EHtik kanpo dauden euskal presoak; hirugarren gradua eta baimenak eskuratzeko bidea oztopoz josia dago; eta, gaur-gaurkoz, gutxi dira progresio hori eskuratzea lortu duten presoak, oraindik hemeretzi larriki gaixo diren preso daude kartzelan". Horietako bat da Ibon Fernandez Iradi lasarteoriatarra.