Erromeria bueltatu da Azkortera

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 8a, 16:13

Lasarte-Oriako Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak antolatuta, erromeria egin dute Azkorten gaur goizean. Eguraldi onak eta azken urteetako hutsunea osagai aproposak izan dira baselizara jende ugari bertaratzeko. 

Ohiturari eutsi diotenek oinez egin dute Azkortera bidea eta 11:00etako meza entzun. Batzuek Buruntzan gora egitea nahiago izan dute, beste batzuk egindako bidearen ondoren, indarrak batu. Barrura egin dutenek, baseliza bete dute eta meza amaieran, apaizak bedeinkapena eta ondo pasatzea opa egin die. Batzuen erantzuna Zorionak zuri abestea izan da, apaizak zer ospatu bazuen seinale.

Elizkizuna amaituta, Ttakun KEk jarritako postura jo dute gehienek. Aukeran odolki, txorizo eta haragi egosi ogitartekoak zituzten mokadu, eta edateko sagardoa eta ura izan dira izarrak. Beste batzuetan ez bezala, Biyak Bat adinekoen egoitzak ez du posturik jarri, beraz, erruz lan egin dute "tabernan" ibili direnek. Makina bat pintxo prestatu dute, ogi artean zer jarri gabe amaitu arte. Gehiago izan balute, akaso, horiek ere salduko zituzten...  

Ahots faltagatik, Lierni Rekondo bertsotan aritzeko bikote gabe geratu da, baina ermitaren bueltan topatu du oholtzan lagun izango zituenak. Erromeria hasierako tartean Iker Ormazabalekin batera aritu da. Jendea  hitz eta pitz, elkar argutzen, hamaiketakoa jaten edo erosten ari zen une horretan. "A su bola" zebiltzala iruditu zaio Rekondori eta bertso eskolan balego bezala sentitzen zela bota dio Ormazabali. Eguzkipean aritu dira itzal apur bat emango zien estalki edo gurutzerik gabe. 

Bertsotan amaitu dutenean, Ttirriki Ttarraka eskolako lagunek girotuko dute hamaiketakoa, dantzarako gogo gutxi baitzuten han elkartutakoek. Kosta zaie, baina lortu dute batzuk horretara animatzen, tamalez, bukatzeko ordua gertu zela izan da. Bien bitartean, zabalguneko erdigunean dena prestatzen aritu dira eguerdian aurrera eraman duten herri kirol erakustaldirako. 

Aimar Irigoien  harri jasotzaile errezildarra eta Beñat Telleria herritarrak aritu dira, batetik, eta Aratz Muguertza aizkolari mutrikuarra eta Julen Gabirondo urnietarra, bestetik. Lehen lanean  bi minutuan ahal bezain bestetan altxatu du Telleriak 125 kiloko zilindro kopa eta Irigoienek, aldiz, 150 kiloko kuadroa. Ondoren, aizkolarien txanda izan da, kolpe gutxiagoan egurra nork moztu. Txandaka aritu dira azken proban izan ezik. Konbinadan, Telleria eta Gabirondo Muguerta eta Irigoienen aurka izan dira. Lan guztiak amaitzen lehenak Telleria eta Gabirondo izan dira. Trontzan bost korte egin behar zituzten, baina zerretako batek ez zuen behar bezala mozten (trukatzean argi ikusi denez) eta hirugarrena ebakita amaitutzat eman duten saioa txalo artean.

Erakustaldiaren ondoren, erromeriak aurrera jarraitu du. Bertsolariak bueltatu dira eszenariora, oraingoan, Maddi Lasa eta Urko Ormazabal batu zaizkie aurretik ariturakoei. Urduri bazeuden ere, euren abilezia erakusteko gogoa izan dute eta hala proposatu badie ere, ez dute Rekondok errimak txibatzerik behar izan. 

Erlazionatuak

Ohiko ospakizuna Santa Kruzen omenez

Txintxarri Aldizkaria 2022 mai 08 Gizartea