Gazte Eguna egin dute espazio publikoa erabiltzeko dituzten oztopoak salatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 7a, 13:26

Lasarte Oriako Gazte Eguna egiten ari dira goizetik. Gazteek egunerokoan espazioarekin dute gatazka mahai gaineratu dute, Lasarte-Oriako Udalak horiek baliatzeko jartzen dizkien oztopoak salatuz. Herriko gazte mugimenduaren parte diren eragileek antolatutako ekimen zerrendan denetarik izan da kalea ere beraiena dela aldarrikatzeko.

 

Zereginez betetako larunbata dute herriko gazteek. Guztietan lehena, Okendo plazan egin duten mahaingurua izan da. Udaletxeko arkupe aurrean biribila osatu dute lurrean eserita eta hamaiketakoa aurrean zutela, solasaldiari ekin diote. Usurbilgo gazte asanbladako kide baten ahotik aurreko gaztetxetik egungoa lortu hartzeko bidearen berri izan dute, hasieran Izar Agirretxeren galderek gidatuta.  Hango eta hemengo testuingurua oso bestelakoa dela argi gelditu da, bereziki, udalarekiko harremanean. Batean erraztasuna dena, zailtasuna besterik ez da bestean. Haien ibilbide eta eskarmentutik herrian bidea urratzeko irakaspenak eta aholkuak hartu nahi izan dituzte. Hausnarketak partekatu dituzte ere aurrera begira nola jokatu aztertzeko.

Ordubete luzez solasean aritu ondoren, atseden labur baten ondotik, elkarretaratzea egin dute zabalgunean bertan. Gazteok espazio publikoa hartuko dugu zioen pankarta atzean jarri dira eta handik entzun dute kideetako batek gazte mugimenduaren izenean irakurritako adierazpena. Udalak leku publikoak erabiltzeko jartzen dizkien oztopoak gaitzetsi eta haien aurka egiteko nahia berretsi dute. "Udala herritarroi laguntza eta baliabideak eskaintzen dizkigun erakunde publiko izatetik oso urrun dagoela deritzogu, nazkatuta baikaude zerbait antolatu nahi dugun aldiro trabekin tipo egin behar izateaz". 

Batetik,  erreserbak gauzatzerakoan udalak elkarte ofizial bateko kide izatea exijitzen die eta hainbatetan eskaerei ezikusiarena egiten die, alegia, ez die erantzunik ematen,  aurrera eraman nahi dituzten ekintzak  "askatasunez garatzea" mugatuz. Bestetik, herriko "azpiegitura falta dela-eta" aisi jarduerak egitera alboko herrietara joatera behartuta daude. "Musika sortzeko, kultura kontsumitzeko, jarduera fisikoa libreki eta doan egiteko espazioak botatzen ditugu faltan, eta zer esanik ez formazio politiko ezberdinak lantzeko". Are gehiago, zenbait gazte sortzailek euren lanak plazaratzeko zailtasunak dituztela nabarmendu dute baita salatu ere sarri euren lana "gutxietsi" egin dela "kultur eskaintza duin bat ez dela argudiatuz" eta haien ordez "estatu mailako konpainia profesionalei leku eginez". 

Horrez gain,  gazteei begirako azpiegitura beharko lukeen Gaztelekua "udalak eta bertako pertsona helduek" kudeatzen dutela eta gazteek ez erabakiguneetan ezta programazioan ere parte hartzerik ez dutela ere gaitzetsi dute.

Guneen erabileratik haratago, udalak etxebizitzetan eta eraikuntzan gauzatutako inbertsio "ikaragarriak" ere salatu dituzte. "ez baitira herritarren beharrak asetzeko, Lasarte-Oria Donostiaren periferia bihurtzeko baizik". Etxe hutsak egonda ere alokairua ezin dute ordaindu, "gurasoen etxeetan bizitzera kondenatuta gaude". 

Egoera ez da berria, horrexegatik, libreki kudea dezaketen espazio autogestionatu baten beharra adierazi dute "zeinetan feminismoan eta elkar zaintza oinarriturik elkarlanean aritu nahi duen pertsona orok lekua izango duen". Ez dute bertan udalaren esku-hartzerik nahi, bere irizpide ekonomiko eta politikoekin ados ez baitaude. 

Aurrerantzean aferari loturik dinamikak martxan jarri nahi dituzte eta haietan parte hartzera gonbidatu dituzte bertaratutakoak, dituzten "iritzi, behar, ikuspuntu, kezka eta nahiak partekatzera". "Lasarte-Oria bizi baten alde lanean jarraitu nahi dugulako oztopoen gainetik gazteok gureak ere badiren espazioak hartzen jarraituko dugu". 

Xirimiri elkartean bazkaldu dute lagun artean eta bingoan jolastu bazkalostean. Ondoren, Okendora bueltatu dira olinpiadak jokatzera. Hartu nahi dituzten kaleetan barrena ere ibili dira erromerian arratsaldeko azken ordurako antolatuta zituzten kontzertuen aurretik.