Buruntzaldea IKTko igerilariak lehen postuak, markak eta gutxienekoak gehitzen doaz

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 5a, 15:30
San Marcial proban lehiatu ziren Buruntzaldea IKTko igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTko igerilariak Valladolid, Irun eta Tolosan izan dira lehian eta euren onena eman dute. Nahia Zudaire lehen postuetan izan da, Paralinpiar AXA Ligako jardunaldian; Nora Imaz San Marcial sarian hirugarren izan da eta txikienek Eskolarteko Gipuzkoako, zein Euskal Herriko txapelketarako gutxienekoak lortu dituzte

Nahia Zudaire Paralinpiar AXA Ligako bigarren jardunaldian parte hartu zuen, Valladoliden. Igeriketa egokituko Gaztela eta Leon nazioarteko saria jokatu zen eta hiru probatan lehiatu zen Zudaire; lehen postuetan izan zen.

Apirilaren 30ean, 50 m. tximeleta eta 100 m. bular probetan egin zuen igeri Zubietako gazteak eta bigarren postua (36,85) eta lehen postua (01.46,67) eskuratu zituen, hurrenez hurren. 

Maiatzaren lehenean, berriz,  200 m. estilo probako garaile izan zen, 3.04,05 marka eginez.

AXA Ligako hurrengo jardunaldia maiatzaren 11tik 14ra lehiatuko da Mallorcan eta bertan izango da Buruntzaldea IKTko igerilaria Euskadiko Selekzioarekin.

Horrez gain, Espainiako Selekzioak ekainaren 10etik 19ra Madeiran (Portugal) antolatuko den Munduko Txapelketako deialdia jakitera eman du; aukeratutako igerilarien artean dago Zudaire.

Nahia Zudaire, ezkerretik hasita bigarrena, 50 m. tximeleta probako podiumean. Arg.: FEDDF.

Ederki San Marcial sarian

Buruntzaldea IKTko Miren Sarobe, Garazi Etxeberria, Nora Imaz eta Unai G. Somovilla, berriz, Gipuzkoako Sarien A zirkuituko San Marcial Sarian lehiatu ziren, apirilaren 30ean. Guztira hirugarren postu bat eta zazpi marka pertsonal berritu zituzten.

Junior mailan izan ziren emaitzarik onenak. Etxeberriak eta Imazek hiruna probatan parte hartu zuten eta marka pertsonal ugari ondu zituzten.

Imazek junior mailako hirugarren postua eskuratu zuen 4000 metro libre saioan egindako markari esker. Nahiz eta bere marka ez hobetu, herritarrak 4.38,49 egin zuen eta horrek 592 FINA puntu eman zizkion; junior mailako podiumera igotzeko adina.

Horrez gain, bizkar eta lau estiloetako 100 metroko probak lehiatu zituen gazteak. Bizkar estiloko lehian, bi marka pertsonal ondu zituen. Lehenik 50 metroko pasean (36,04) eta bigarrena proba amaitzean (01.12,28). Lau estiloetan ere fin ibili zen eta marka berria eskuratu zuen (1.11,55). 

Etxeberriak tximeleta estiloko 50 m. eta 100 m. probatan parte hartu eta bietan hobetu zituen markak; lehenean, 30,53 egin zuen eta 100 metrokoan, 1.10,59. 100 m. lau estiloko proban ere  igeri egin zuen herritarrak eta bere onenetik gertu izan zen.

Miren Sarobe infantilak hatz batean lesio txikia izan arren, 400 m. libre (05.06,93) eta 100 m. tximeleta (01.20,53) probetako marka pertsonala hobetzea lortu zuen eta 100 m. lau estilo proban ere bere markatik gertu izan zen.

Sarian absolutu bakarra Unai G. Somovilla izan zen. Hiru probatan izan zen igerian: bular estiloko 50 m. eta 100 m. probetan eta 200 m. lau estiloetan. Eta bere marketatik gertu izan zen hiruetan.

Txikiek amaiera bikaina

Bestalde, egun horretan bertan, taldeko alebinek eta benjaminek ligetako azken jardunaldia lehiatu zuten, Tolosako Usabal kiroldegian. 

Benjaminak izan ziren lehenak lehiatzen eta lau estiloetako probei egin behar izan zieten aurre. Guztiak ondo ibili ziren. Txikienek euren garapena erakutsi zuten eta gaztetxoenek – 2011. urteko neska-mutilak eta 2010. urteko mutilak– "txukun aritu ziren".

Alebinei saioari dagokionez, igerilariek proba sendoak izan zituzten: estilo libreko banakako 200 m. eta erreleboko 4x100 m.  probak eta lau estiloetako banakako 100 m. eta 400 m. probak zein erreleboko 4x100m. proba.Gogotsu eta ganora handiarekin igeri egin zutela azpimarratu dute igeriketako taldeko arduradunek. 

Guztien artean, Iñaki Garciak eta Itxaso Iparragirek, zein Nora Reyek eskuratutako gutxienekoak nabarmendu nahi dituzte. Garciak Euskal Herriko txapelketarako sailkatzea lortu zuen 400 m. lau estiloetan, (06.03,14) eginez eta  200 m. lau estilo proban, berriz, alebin mailako Gipuzkoako Udako txapelketarako txartela lortu zuten Iparragirrek (03.31,97) eta Reyek (03.33,96).

Alebin Ligako azken jardunaldian parte hartu zuten igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Hitzorduak

Ligak amaituta, Buruntzaldea IKTko igerilariek txapelketa eta sari ezberdinetan parte hartuko dute.

Hilaren 15ean, Eskolarteko Gipuzkoako txapelketan izango dira lehian lau kide, Legazpin. Eta maiatza amaieran Euskadiko Kirol Jokoetan ere parte hartuko dute igerilari gazteek. 

Beste hitzordu garrantzitsu bat ekainaren 11n izango da, Lasarte-Oriako XXXI. saria.