Etxean ekingo diete kopako kanporaketei jubenilek nahiz kadeteek, igandean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 5a, 11:34
Kadeteen bigarren taldeak 0-3 galdu zuen Mundaizen aurka.

Inurriek neguan nola, jubenil zein kadete mailako Ostadar A taldeek astebururo-astebururo pilatu dituzte puntuak, eta euren kategorietako kopetako azken fasera sailkatu dira. Euren multzoetako lehenengo eta bigarren postua erdietsi dituzte, hurrenez hurren, eta sari garrantzitsua eskuratu: final zortzirenetako neurketa, kanporaketetako aurrenekoa, etxean jokatzea. Hilaren 8an jokatuko dute biek: jubenilek, 15:00etan, Dunboa Eguzki Bren aurka; eta kadeteek, 17:00etan, Arrupe Chaminaderen kontra.

Ostadarrek bi talde izan ditu lehian kategoria bakoitzean, lau guztira, baina bik soilik lortu dute fase erabakigarrirako txartela. Gogotik saiatu arren, emaitzak ez dituzte lagun izan: azken jardunaldian 1-7 galdu zuten jubenilek Santo Tomas Lizeoaren aurka; kadeteak, aldiz, Mundaiz donostiarrak garaitu zituen, 0-3. Merezitako atsedena hartuko dute orain bi taldeek.

Helburua, "urrutira iristea" 

Kadete kategoriako Ostadar A prestatzen du Beñat Loiarte herritar gazteak. "Oso pozik" dago kanporaketetarako txartela poltsikoratu izanaz, eta azpimarratu du urdin-beltzen helburua "urrutira iristea" dela. "Badakigu zaila izango dela fasea, baina kopa oso serio hartu dugu;  ea zer nolako jokoa egiteko gai garen, horrek merezi dugun tokian jarriko gaitu". Urtarril hasieran hasi ziren kopan lehiatzen, igoera fasetik at geratu zirenean. Atsekabea atzean utzi eta ez ziren erlaxatu. Helburu argia zuten: ahalik eta neurketa gehien irabaztea, kanporaketak Michelinen jokatzen hasteko. 

Esan, eta egin: hamalautik hamahiru norgehiagoka zakuratu dituzte, baina ezin izan dute lehen postuan bukatu, Aizkorrik 36 puntu bildu dituelako, urdin-beltzek bezainbeste. "Pena eman digu horrek, baina fase berri bati ekingo diogu orain". Jokalariak oso motibatuta daudela adierazi du entrenatzaileak: "Infantilak zirenean kopako finalera iritsi ziren zenbait mutil, baina galdu egin zuten. Niri ere gertatu zitzaidan hori. Arantzatxo hori kendu nahi dugu guztiok".

Igoera amets

Ohorezko Erregional mailara igotzea du amets Ostadar SKTk. Zaila da erronka, baina ez ezinezkoa: iragan astean 4-3 irabazi zioten Vasconiari, multzoko talde indartsuenetako bati, eta fasea bukatzeko bi neurketa falta direla, hamar puntu dituzte Raul Pitu Rodriguez eta Unai Iribarren jokalariek, Zumaiako liderrak baina sei gutxiago. Elkarren aurka jokatutako partidetako emaitzak direla-eta, dagoeneko ezin dute harrapatu, baina bigarren sailkatua, Deusto, bai, bi puntu gehiago besterik ez dituelako, eta datorren astean urdin-beltzek haiekin neurtuko dituztelako indarrak, non eta Michelinen, etxean.

Hori baino lehen, multzoko azken sailkatuaren kontra jokatuko dute herritarrek, larunbatean, Donostiako Herrera zelaian, 17:30ean. Irabazi beste aukerarik ez dute, Vasconia bera eta Ilintxa Ostadarren aurretik daudelako, 11na punturekin, eta elkarren aurka ariko dira asteburu honetan. Deustok, berriz, Zumaiako jasoko du, etxean. Gori-gori dago egoera, eta, matematikoki, ia guztiek dute aukera lehen bi postuetan sailkatu eta igotzeko partida erabakigarriak jokatzeko.