PSE-EEk Mendebaldeko Sahararekiko jarrera aldatu duela salatu du Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 5a, 10:32

PSE-EE entzun: saharar herriak erabaki dezala! lelopean, Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeak elkarretaratzera egin du. PSE-EEren egoitza aurrean elkartu dira, Zumaburu auzoan. 

Sahararen bandera eskegi, musika jarri eta pankartaren atzean jarri dira elkarretaratzera joandako lasarteoriatarrak. PSE-EE entzun: saharar herriak erabaki dezala! lelopean egin dute protesta, Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeak deituta. 

PSE-EEren egoitza aurrean elkartu dira, Zumaburu auzoan, hain zuzen ere, alderdi horrek Mendebaldeko Sahararekiko azken boladan izan duen "jarrera aldaketa" salatzeko. Tomas Arruti aipatu taldeko kideak hartu du hitza, eta pasa den hilabeteko udalbatzarrean aurkeztutako mozioaren gainean hitz egin du. Gogoratu du EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdien aldeko bozkei esker egin zuela aurrera, eta PSE-EE aurka agertu zela. Alderdi sozialistaren azken aldiko jarrerak sahararrei par  egiten ari direla adierazten duela azpimarratu du: "Otsailaren 27an Maroko Saharatik at! Independentzia zihoen pankarta heldu genuen elkarrekin, eta orain, Sahararentzat autonomia eskatzea lotsagarria da". 

Herrian bizi diren sahararrak ere gogoan izan ditu: "Horiei ere azaldu beharko dio PSE-EEk zergatik egin duen jarrera aldaketa hori. Horrela beste 50 urte gehiago egon beharko dute hemen, eta guk, euren herrira buelta daitezen nahi dugu".