Herritarren argazkiekin osatu nahi dute 2023ko egutegia

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 5a, 10:00

2023. urteko egutegia osatzeko "Lasarte-Oria zure objetiboan" argazki lehiaketa iragarri du udalak. Aurtengo urriaren 28a izango da irudiak bidaltzeko azken eguna; parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu

Datorren urteko egutegian herritarrak protagonista izan daitezen nahi du Lasarte-Oriako Udalak. Horretarako jarri du martxan Lasarte-Oria zure objetiboan argazki lehiaketa, eta ohartarazi, irudiek herriaren erakusgarri izan beharko dutela.

16 urtetik gorako lasarteoriatarrek (herrian erroldatuek) izango dute argazkiak aurkezteko aukera, baina bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara. Argazkien gaia librea den arren, herriko espazio edo jarduera baten erakusgarri izan behar dutela zehaztu dute, eta ohartarazi, kutsu politikoa duten edota sexu bereizketa zein indarkeria islatzen duten lanak ez dituztela onartuko. Fotomuntaiak ere kanpo utziko dituztela argitu dute. 

Egile bakoitzak aurkeztutako argazkiak zein hilabeteri dagokion zehaztu beharko du irudiarekin batera.

Argazkiak aurkezteko modua

Udal erregistroaren bidez (euskarri elektronikoan) edo udalaren web atariaren bidez bidali ahal izango dituzte parte hartzaileek euren lanak. 2022ko urriaren 28a baino lehen egin beharko dute hori.  

Behin argazki guztiak jasota, egutegia osatuko duten argazkiak aukeratuko ditu epaimahaiak. Hiru kide izango direla aurreratu dute, ez, ordea, nortzuk izango diren. Azaroaren 2tik 17ra arteko tartea izango dute argazki sarituak zeintzuk izango diren eztabaidatzeko, eta egun bat beranduago, hilaren 18an emango dute irabazleen berri. 

Sariak

Aurkezten diren lan guztien artean hamabi aukeratuko ditu epaimahaiak. Dozena horren artean, ordea, garaile nagusi bat izendatuko dute. Hori, egutegiko hilabete jakin bat irudikatzeko erabiltzeaz gain, portadarako ere erabiliko dutela jakinarazi du udalak, eta herriko komertzioetan gastatzeko 150 euroko erosketa txartela jasoko du egileak. Gainerako 11ek 100 euroko erosketa bonua irabaziko dute, eta euren argazkiak hilabeteak iruditzeko erabiliko dira. 

Ohartarazpen hau ere egin dute antolatzaileek. Arrazoiren batengatik epaimahaiak egutegirako hamabi argazki aukeratuko ez balitu, udalak beharrezko diren argazkiak jartzeko ahalmena izango duela.