Herriko atletek domina eta marka berriak lortu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 4a, 14:00
Eider Redondo, Eskolarteko txapelketan eskuratutako dominekin. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Eskolarteko Gipuzkoako txapelketan zein Espainiako Ligako lehen jardunaldian lehiatu dira herritarrak. Eskolartekoan, Ostadar SKTko Eider Redondok urrezko bi domina jantzi ditu; taldekide Naroa Furundarenak eta Enara Gonzalezek, berriz, markak ondu dituzte Ligako jardunaldian

Eskolarteko Gipuzkoako txapelketa amaitu da. Maiatzaren 1ean, hirugarren  jardunaldia jokatu zen Arrasateko Mojategi kirol gunean. Ostadar SKTko atletismo saileko gaztetxoak bertan izan ziren eta bi domina berri gehitu zituzten denboraldiko poltsara. 

Zehazki Eider Redondo alebina izan zen bi alditan podiumeko gorenera igo zen atleta.Gaztetxoak txapelketa ederrari amaiera eman dio. Aurreko jardunaldietan altuera-jauzian eta luzera-jauzian garaile izan zen eta bigarren, berriz, 60 metro hesi proban. Oraingoan, 60 m. lasterketan (8,36) eta jauzi hirukoitzean (8,75 m.) garaile izan da.

Era berean, Oihane Belartietaren lana azpimarratu nahi dute taldeko arduradunek. Infantil mailako luzera jauziko proban, 4,63 metroko jauziarekin laugarren postua lortu zuen.

Kluben Liga

Egun bat lehenago, apirilaren 30ean, Espainiako Lehen mailako zein Ohorezko mailako taldeek Ligako lehen jardunaldia jokatu zuten; Sorian zein Donostian herriko ordezkariak izan ziren.

Real Sociedad taldeak eta Yeray Veroniz herritarrak Joma Ligako Ohorezko  Mailako denboraldiari ekin zioten Sorian. 

Atletismo Numantino, S.G. Pontevedra eta  A.D. Marathon izan ziren aurkariak eta Donostiako taldeak bigarren postua eskuratu zuen 192 punturekin.

Veronizek 100 m. lasterketan eta 4x100 m. erreleboan parte hartu zuen. Proba azkarrean laugarren postuan sailkatu zen. Errelebo proban, ordea, taldea kaleratua izan zen.

Ostadar Atletismo saileko kide Naroa Furundarenak eta Enara Gonzalezek, berriz, Ohorezko Mailako Iberdrola Ligako lehen jardunaldian izan ziren Super Amara Bidasoa Atletiko Taldearekin (BAT) Donostiako Kote Olaizola estadioan.

Super Amara BAT taldearen Ligako lehen jardunaldia jokatu zuten atletak. Naroa Furundarena eta Enara Gonzalez, goiko lerroan eskubitik hasita hirugarrena eta bigarrena dira, hurrenez hurren. Arg.: BAT.

Bi gazteek bina proba lehiatu zituzten eta Furundarenak lortu zuen BATen sailkapenik onena bakarkako lehiaketetan. 

Herritarra garaile izan zen jauzi hirukoitzeko txapelketan eta aire libreko bere marka pertsonala ondu zuen 12,73 metroko jauzia eginez. Gainera, hirugarren postua lortu zuen 4x100 m. errelebo taldearekin. Azken  egin zuen Furundarenak.

Gonzalezek, aldiz, denboraldiko marka egin zuen luzera-jauzian (5,51 m.); jauzi hirukoitzean, ordea, 11, 15 metroko jauzia egin zuen. 

BAT taldeak 136 punturekin amaitu zuen jardunaldia Ria Ferrol C. Arenal taldearekin berdinduta. aurretik Atletico San Sebastian eta Grupompleo Pamplona sailkatu ziren.

Maiatzaren 14an jokatuko dute Ligako bigarren jardunaldia.