Ostadarreko Jubenil taldea Gipuzkoako finalean da

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 4a, 09:45
Ostadarrek eta Fortunak partida borrokatua jokatu zuten.

Partida zaila jokatu zuen Ostadar  SKTren Jubenil taldeak apirilaren 30ean, Maialen Chourraut Kiroldegian. Gipuzkoako txapelketako finalerdiko bigarren neurketan finalerako txartela zegoen jokoan. Sufritzen hasi zen arren, 3-1eko markagailuarekin Gipuzkoako txapelketako finalean sartu da. Finala maiatzaren 14an jokatuko dute Aldapeta Maria A taldearen aurka

Lehen partida borrokatua izan zen eta oraingoan ere, helburua lortzeko ederki lan egin beharko zuela argi zuen Lasarte-Oriako taldeak. Asier Acuriola Ostadarreko entrenatzaileak azaldu modura, "kalitate eta esperientzia handiko taldea da Fortuna. Liga erregularreko bigarren postua eskuratu zuen. Lehen partidan gertatutako ikusirik, partida borrokatua espero genuen".

Partida ez zen ongi hasi, ordea. Jokalari gehienen lehen urtea izanik, taldea urduri atera zen partidara. "Finala eskura izateak presio eragin zien jokalariei eta lehen zatian ez ginen gai izan Fortunari aurre egiteko," azaldu du Ostadarreko prestatzaileak.

Gauzak horrela, Fortuna nagusi izan zen jokoan eta 14-25 gailendu zen.

Talde urdin-beltzaren ezintasuna buruak sortutako zenez, bigarren zatia hasi baino lehen Acuriolak aholku batzuk eskaini eta partidari itzulia emateko lanean jarri ziren jokalariak.

Seta borrokatua izan zen. Ostadarreko jokalariek euren balioa erakusten hasi ziren; Fortunak lortutako errenta handitzen saiatu zen. Lehia bizia zen eta gutxigatik bada ere, etxeko taldeak 25-23 irabazi zuen.

Fortuna taldeak ez zuen hain erraz etsiko eta hirugarren zatian ere gogor egin zion aurre talde urdin-beltzari. Borroka agoniko baten ostean (27-25), Ostadarrek finalerako txartela lortu zuen.

Hori dela eta, azken seta lasai antzera hasi zuen taldeak. Alabaina, Acuriolak ederki estutu zituen azken minutuetan euren onena eman zezaten: "Partida irabazi eta dinamika positiboarekin amaitzea garrantzitsua zen eta jokalariek ongi erantzun zuten". Ostadarrek laugarren seta irabazi (25-19) eta partida eskuratu zuen (3-1).

Denboraldi ezin hobea

Jubenil taldeak jokatzen duen lehen finala izango da. 2021 urteko irailean sortu zen taldea eta kadete mailako jokalariek osatzen dute. Pausoz pauso esperientzia hartu eta partidak irabazi ahala Gipuzkoako txapelketan  goiko postuetan lekua egin zuen.Amaieran, hirugarren postuan sailkatu zen, gainditu berri duen Fortuna A taldearekin puntutan berdinduta.

Horregatik, Acuriolaren ustetan, Jubenil taldeak denboraldi ezin hobea egin du eta finala izan da azken fruitua: "Taldearen etengabeko ilusio eta lanari esker eta jokalarien gaitasunei esker finalera iritsi dira eta pozarren nago".

Maiatzaren 14an, 12:00etan, jokatuko da Gipuzkoako txapelketako finala Donostiako Pio Baroja kiroldegian. Ostadarren aurkaria Aldapeta Maria A taldea izango da. 

Aurkari zaila

Donostiako taldea lehen sailkatua izan zen Ligako lehen fasean. Taldeek bitan neurtu dituzte indarrak eta azkenekoan, partida borrokatua jokatu zuten bi taldeek;  2-3 gailendu zen Aldapeta Maria A. 

Nahiz eta partida zaila iragarri, talde urdin-beltzak Gipuzkoako txapela eskuratzeko aukerak daudela uste du Acuriolak. "Aurkariari aurre egiteko gai gara. Aldapeta Maria A taldea mentalki Fortuna baino sendoagoa da, baina teknikoki ahulagoa. Horregatik, gure puntu sendoak ongi erabili beharko ditugu.

Finala borrokatua izango dela eta puntu luzeak jokatu beharko ditugula uste dut. Hori dela eta, erresistentzia ere landu beharko dugu," adierazi du.

Finalerdiaren ostean, hitzordu berezi eta garrantzitsua prestatzeko bi aste ditu Ostadarreko Jubenil taldeak.