Udan kirolaz gozatzeko jarduera erakargarriak aurkeztu ditu Kirol Zerbitzuak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 3a, 12:30

Lasarte-Oriako Kirol Zerbitzuak uztailean zehar antolatu dituen Udako jarduerak aurkeztu ditu. Herritarrek kirolaz goza dezaten ekimen berri eta erakargarriak txertatu dituzte programazioan. Izena ematea ekainaren 17an amaituko da

Etxeko gazte eta txikientzat aukera zabala izango da.

Ohe elastikoetan ariketa egiteko aukera izango dute Txiki Jump eta Gazte Jump jardueretan.

Igeriketa ikastaroak ere izango dituzte. Mailaka egingo dira taldeak eta egunero izango dute saioa arratsaldeetan.

Eta ezin ahaztu, kirol udalekuak ere badituztela. 2020 eta 2013 urte arteko haurrei zuzendutako ekimenean udako kirol ezberdinak egingo dituzte haurrek. Astebeteko hiru txanda izango dira. Saioak goizez 9:00etatik 13:00etara egingo dira 

Helduek, berriz, gorputzeko atal ezberdinak lantzeko hainbat jarduera izango dituzte: Body zunba, Cross Training, Kardiofit eta Indoor txirrindularitza.

Izena ematea

Ikastaroei buruzko informazio gehiago edo izena ematea egiteko Maialen Chourraut kiroldegiko  bulegora hurbildu –astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara eta asteazkenetan arratsaldeetan ere, 17:00etatik 19:00etara–  edo 943- 37 61 82 telefonora deitu behar dute interesa duten herritarrek. Inskripzio epea ekainaren 17an itxiko da.