ESKUALDEA

Enpresa eta proiektuen arteko ezagutza partekatzeko saioak egiten ari da Beterri Saretuz egitasmoa

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 3a, 11:00
Apirilaren 27an egin zuten lehen saioa, Andoainen. Argazkia: Beterri Saretuz.

Enpresa eta eragile eraldatzaileek hainbat gairen gainean dituzten kezkak partekatu eta formazioa jasotze aldera, Beterri Saretuz ekonomia eraldatzailearen Beterri-Buruntzako sareak saio batzuk egiten ari da maiatzean zehar, Esperientzia trukeak izenekoak. Bihar burutuko dute hurrengoa, Hernaniko Iturola elkarlan sorgunean, 11:00etatik aurrera. Enpresetako bazkidetza prozesuei buruz hitz egingo dute. Izena emateko epea oraindik irekita dagoela gogorarazi dute antolatzaileek.

Hauek dira biharko saioan erantzungo dituzten galderetako batzuk: Zein bazkidetza prozesu eta irizpide ditugu gure enpresetako ereduen artean? Zeintzuk dira gure zailtasunak? Nola egiten dute eskualdeko gainerako enpresek?

Bihar bazkidetza prozesuen inguruan egingo den saioaz gain, beste bi saio aurreikusi ditu Beterri Saretuzek. Hilaren 11n, inklusioa ardatz hartuta, gizarte bazterketan dauden pertsonen laneratzea enpresetan nola landu aztertuko dute Hernanin, Bogan kooperatiben arteko gunean.

Bestalde, ekainaren 1ean, esperientzia trukeen zikloa ixteko Beterri Saretuzeko eskualdeko emakumeen foroa izango da. Antolatzaileek azaldu dute horietan parte hartzeko izen ematea jadanik zabalik dagoela.