Bertsoak, talentua eta espontaneoak loratu dira kultur etxeko agertokian

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 30a, 22:24

Udaberriko Bertso Saioa bere ohiko urtarora bueltatu da. Protagonista nagusiak Ane Labaka, Alaia Martin eta Maialen Lujanbio bertsolariak izan dira, baina kultur etxeko agertokia beste sortzaile batzuekin partekatu dute. Eta aurkezle lana egin duen Bea Egizabalekin, noski. Osagai horiekin barreak ziurtatuta zeuden eta talentua txaloekin saritu dute bertaratutakoek.

Bea Egizabalek amets bat izan du beti: gai jartzaile izatea. Ikastaroa egin, bere burua prestatu (edo), eta praktikak egiteko aukera eman diote larunbat arratsaldeko Udaberriko Bertso Saioan. Atera da eszenariora, lehen hitzak esan, lehen barreak piztu, eta kontu bat argitu nahian nahasi da. Zenbatgarren Udaberriko Bertso Saioa da aurtengoa? 2007an lehena egin zutela jakinda aritmetikak aise eman dio emaitza: hamabost. Pandemiak, ordea, 2020koa egitea ekidin zuen, eta iaz, bertsoak loraldian beharrean, uzta garaian heldu ziren, udazkenean. Hortaz, zehatz izanda, XIII. da aurtengoa. Badaezpada, ordea, 2022ko Udaberriko Bertso Saioa esatearen alde egin du sudur gorriak.

"Hiru erregin, hiru jainkosa, hiru eguzki, hiru izar!" aurkeztu ditu Alaia Martin, Ane Labaka eta Maialen Lujanbio bertsolariak, eta atzealdeko aulkietan eseri dira. Kontrako aldean, saioak iradokitakoa mihise gainean irudikatu du Laura Perez sortzaileak. Estilo librean, berezkoan, jarri ditu gaiak Egizabalek, ikastaroan notarik zergatik jarri ez zioten ulertaraziz. Esaterako: "Ane, Maialen, Alaia, esan 'kaixo' jendeari zuek dakizuen moduan" edo "Berezkoa ala ikasia?", hau da, "sukaldaria jaio egiten da edo egin egiten da? Suhiltzaile bat? Txotxolo bat, hori jaio egiten da edo egin. Ez da berdina zaren edo egin zaren". Hiru bertsolariek hausnartu dute horren gainean eta Lujanbiok oparitu dio erantzuna. "Bat bertsolari bihurtu egiten da/ ikasi ondoren hainbeste/ ta bertsolari eta txotxolo /ere bihurtu zaitezke".

Saioa gidatzea ez da uste bezain erraza izan Egizabalentzat. Lehen gaia jarri nahi zuenean, Kukukako kideek kendu diote lekua dantza egiteko. Eta ez dira bakarrak izan. Unibertsoarentzat oso garrantzitsua dela izateak eragindako ahalduntzeak bultzatuta, "egiten ikasten da eta oholtzak hartu behar ditugu" botatzea bururatu zaio, eta bere lekua hartu nahi zuten espontaneoak agertzen hasi dira, bata bestearen atzetik. Lehen ilaratik altxa da Sara eta Perezekin batera osatu du irudia. Ondo hartu du neskaren grina. Ez horrenbeste, berriz, Earra bertso eskolako Nora gaia jartzera igo izana. Alaia eta Ane ahizpa bilakatu ditu eta hiltzekotan dagoen amoranen eskakizuna betetzeko lana egokitu: marihuana lortzea. 

Ustekabeek atsekabetuta

Jarraitzen saiatu da Egizabal, baina jotak abestu eta dantzatzera igo dira hiru emakume, aurrerago Martinek nabarmendu  bezala "espontaneo jantzita".  Osatu dute erakustaldia eta eztabaidan jaitsi dituzte eskailerak. Eta horixe proposatu die sudur gorriak bertsotarako gai Martini eta Lujanbiori: ikusi berri zutenaz aritzea. Bi "perlatxo" bota dituztenen artean: "Hiru ahots izanda, sei ematen zuten", "kantutaz hain ozen eta horren fuerte/ San Pedroren atea botako lukete". Ez zaie gehiegi gustatu, antza.

Protagonismoa partekatu behar izateak aztoratzen duela argi utzi du aurkezleak, algarak behin eta berriro eraginez. Agertokira bueltan, bere txanda zuela pentsatu du, baina funk erakustaldiarena zen. Gogotsu eta indartsu dantza egin du gazte taldeak eta txalo ugari jaso dute. Gorputz mugimenduari heldu dio Egizabalek eta biek bakarrik Gure zirkua osatzeko erronka jarri die Labaka eta Lujanbiori; bertsotan, noski.

Feminismoaz ere hitz egin du aurkezleak, umoretik eta ozpin pixka bat botaz, ohi bezala. Familia klasiko feminista osatzeko egindakoaren berri kontatu du eta horretarako dituen zailtasunak partekatu. Hortik atera du Martinentzako gaia, eta erakutsi du helburu hori erdiesteko bezainbeste ahaleginduz gero, gai jartzaile izatea ere lortuko duela. 

 

Erlazionatuak

Sorkuntza, bertso artean

Txintxarri Aldizkaria 2022 mai 01 Kultura

XIII. Udaberriko Bertso Saioa

Txintxarri Aldizkaria 2022 mai 01 Kultura