Nazioarteko gatazketako preso politikoak gogoan izan dituzte Azken Ostiralean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 30a, 10:30

Urte hasieratik egiten ari diren bezala, gai bat ardatz hartu dute hilabeteroko ekintzan. Apirilaren 17a Preso Politikoen Nazioarteko Eguna izan dela gogoratu dute Palestina eta Mendebaldeko Saharara begiratuz, George Ibrahim Abdallah libanotarraren gutun bat irakurri dute eta Hassana Aalia sahararrak hitz egin du. 

George Ibrahim Abdallah Palestina askatzeko herri fronteko kidea, Europan arrazoi politikoengatik kartzelan denbora gehien daraman presoa da; gaur egun, Lannemezango kartzelan dago Ibon Fernandez Iradi eta Aitzol Iriondo herritarrekin batera. Berak idatzitako lerroak irakurri dituzte Okendo plazan. Gogoratu duenez, 1974an Palestinako Konferentzia Nazionalak  ezarri zuen apirilaren 17a palestinar presoen egun, ondoren preso iraultzaileen nazioarteko eguna bezala ezagun egin dena, eta "burkide gatibuen askatasuna, dinamika orokorrean txertatzea" xede duela, presoek kartzelatik ere borrokan parte hartzen dutelako. 

Palestinarren erresistentziaren berri entzun ondoren, Hassana Aailak hartu du hitza, preso sahararren egoera azaltzeko. Eskerrak eman dizkie plazan zeudenei haiek kontuan hartzeagatik eta babesarengatik. Kontatu duenez, 42 baino gehiago daude Marokoko espetxeetan, Mendebaldeko Saharatik kanpo, ehunka kilometrotara; eta han, hemen bezala, senideek bidaia luzeak egin behar dituzte bisitatzeko. "Borrokan jarraituko dugu preso politiko guztiak atera ahal izateko, borroka egiteagatik daudelako kartzelan, eskubiderik gabe", esanez amaitu du. 

Oriora joateko deia

Elizatzetik Okendora bidea abiatu aurretik,  Sare eta Etxeraten irakurketa bateratua partekatu dute bertaratutakoekin. Salbuespen legediak gainerakoei baino baldintza zorrotzagoak ezarri eta irteera baimenak eta hirugarren gradua oztopatzen jarraitzen duela salatu dute. Honek "bizikidetza irekitzea zailtzen du eta egiaztatzen du espainiako estatuak ez duela borondate politikorik euskal presoei politika normalizatua aplikatzeko". Euskal Herritik kanpoko espetxeetan dauden 85 presoak "honezkero" euskal kartzeletan egon beharko luketela gogoratu dute, baita espetxe legeria arrunta aplikatuko balitzaie, "gehienek askatasuna ezagutu beharko" luketela, "modu batean edo bestean". 

Eskubide urraketa horiek salatzen jarraitzeak duen garrantzia ere nabarmendu dute. Horregatik, "blokeoa amaitzea lortzeko" kalera irteten segiko dute. Hurrengo ekintza maiatzaren 7an, larunbata, egingo dute. Villabonatik Oriora joango dira oinez. Lasarteoriatarrak 09:15ean elkartuko dira Okendo plazan eta Usurbilera joango dira, handik, 10:00etan Oriora bidean irtengo dira. Bide erraza dela azaldu dute, bi ordu eta erdikoa, umeek ere parte hartzeko modukoa. Pausoka egiterik ez dutenak, kotxez edo topoz joatera deitu dituzte.  

Orion ekitaldia egingo dute 13:30ean eta herri bazkaria, 14:00etan. Otordurako txartelak Artizar tabernan salgai daude asteazkena arte. Helduenak 20€-ko salneurria du eta umeenak, 8€-koa. Arratsaldean, berriz, Distopia elektrotxarangaren kontzertua, haur txokoa, jokoak... egingo dituzte.