Sagardotan bustitako afari goxoa jan dute Extremadura Etxean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 30a, 10:00

Apirila agurtzeko barrikotea egin dute Ama Guadalupe Extremadura Etxean. 35 bat lagunek izena eman zuten eta bapo afaldu dute egoitzako sukaldeetan prestatutako menu goxoarekin. Lagungarri eta osagarri aparta ere izan dute: Bereziartuako sagardoa. 

Afaltzeko ordua 21:00etan ezarria zuten eta ordurako prest zeuden mahaiak, upela eta gau atsegina igarotzeko beharrezko osagai guztiak. Sukaldetik usain goxoa iristen zen eta zerbitzatzeko ardura izan zuten kideek behar bezain bestetan egin zuten handik mahaietara bidea (eta buelta), eskuetan zerbait zutela.

Noizean behin oztoporen batekin topo egiten zuten: upeletik sagardoa hartzen ari zirenen ilarak. "Txotx!" maiz entzun bazen ere, hura gabe basoa betetzera altxa ziren batzuk. Teknika hobeago edo okerragoarekin, denek hartu zuten edateko nahikoa. 

Sagardotegiko ohiko menuari ekin aurretik, odolkia dastatzeko aukera izan zuten jatunek. Sukaldean jo eta su aritu ziren lanean jarraian etorriko ziren platerak prestatzen: bakailao tortilla, bakailao frijitua piper berdeekin eta txuleta. Lehengoarekin zartagin artean ari zirenerako, parrilaren bero eta usaina nabari zen eta atonduta zituzten osagai guztiak behar ahala erabiltzeko. Postreko hiru osagaiak, –gazta, irasagarra eta intxaurrak– ere zerbitzatzeko pronto. 

Platerak hustu, gosea berdindu, eta sagardotan bustita gaua nahi beste luzatu zitzaien batzuei. 

Erlazionatuak

Barrikotea egin dute Extremadura Etxean

Txintxarri Aldizkaria 2022 api 30 Gizartea