San Pedro jaietako pilota txapelketa martxan da

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 29a, 12:55
Bi urteko etenaren ostean, San Pedro jaietako pilota txapelketa itzuliko da.

Bi urteko etenaren ostean, Intza Pilota Elkarteak San Pedro jaietako pilota txapelketa antolatuko du. 2008 eta 2013 urte artean jaiotako Lasarte-Oriako haur eta gaztetxoek parte hartu ahalko dite. Izena ematea maiatzaren 19an itxiko da 

San Pedro jaietako pilota txapelketako lehia Loidi Barreneko pilotalekura itzuliko da. Osasun egoerak behartuta azken bi urteetan ezin izan da lehiaketa antolatu. Intza Pilota elkarteak txapelketako izena ematea ireki du eta maiatzaren 19ra arte aukera izango da inskribatzeko. Baldintza nagusiena parte-hartzaileak Lasarte-Oriakoak izan behar dutela da.

Sailkapen faseko neurketak eta  finalerdiak larunbatetan eta igandeetan jokatuko dira Loidi Barren pilotalekuan; finalak, berriz, San Pedro jaien barruan izango dira.

Intzako kideek azaldu dutenez, lehiaketan hiru maila ezberdinduko dira: benjaminak (2012 eta 2013 urtean jaiotakoak), alebinak (2010 eta 2011 urtean jaiotakoak) eta infantilak (2008 eta 2009 urtean jaiotakoak). Guztiek pilota goxoarekin jokatuko dute eta antolakuntza egingo da piloten kargu.

Gainera, pilotariek kirol arropa erabili beharko dute jokatzeko; finalerdietan eta  finalean, ordea, arropa zuria.

Era berean, pilota elkarteak lehiaketan zehar egon daitezkeen istripu edo lesioen erantzule egiten ez dela ere jakitera eman du.

Izena ematea Michelingo kirol guneko pilotalekuan egingo da astearte eta ostegunetan, 18:00etatik 19:00etara. Azken eguna, aipatu modura, maiatzaren 19a da.