Erakustaldi ederra egin dute Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 29a, 13:23

Dantzaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta hori ospatzeko, diziplina artistiko horretan ari diren dantza talde ugarik emanaldiak egin dituzte bezperan, ostegun iluntzean. Kukuka Antzerki eta Dantza Eskola izan da antolatzailea, eta eskola horretako dantzariekin batera aritu dira Erketz EDTkoak, Amaia Gonzalez Caballero akademiakoak, Semblante Andaluzekoak eta Plaza Dantzakoak. Saio ederra osatu dute

Dantza erakustaldi ederra egin dute Lasarte-Oriako dantzariek Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. IX. Dantza Topaketa egin du Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak, eta herriko hainbat dantza eragile gonbidatu dituzte egitasmoan parte hartzera.

Erakustaldiei hasiera eman aurretik, manifestu bat irakurri dute Kukukako kide Leire Yeregik eta Puri Fadriquek. Sue Jin Kan Hego Koreako dantzariaren hitzak ekarri dituzte plazara. Hau da irakurri duten testua: 

«COVID-19aren hondamendiak bizitza librea ezagutzen genuen bezala geldiarazi du, eta tragedia honen erdian egoteak dantzaren eta dantzarien esanahia birplanteatzera garamatza. Iragan urrun batean, dantza keinuen bidez adierazteko eta komunikatzeko oinarrizko bidea zen, arima hunkitzen eta publikoa inspiratzen zuen arte eszeniko bihurtuz. Momentuko artea da, eta, osatu ondoren, zaila da jatorrizko forma berreskuratzea, gorputz eta arima osoarekin sortzen baita. Dantza une iragankorrez egina dago, eta horrek dantzariak etengabeko mugimenduan egotera bultzatzen ditu. Hala ere, Covid-19ak dantzaren artea mugatu eta are blokeatu du bere jatorrizko forman.

Horrek, dantzak eta dantzariek bitxiak bailiran distiratzen eta mundua argitzen zuten garaietako oroitzapen ederrak agerrarazten dizkigu, giza larritasuna eta antsietatea, bizitzeko borondatea eta itxaropena transmitituz.

Entzule nekatu eta bakartia dantzarien sinpatiaz eta kontsolamenduaz egarri da. Dantzari gisa, uste dugu gure hegoak astintzeak itxaropena ematen diela dantzaren artea maite dutenen bihotzei, eta pandemia hau gainditzeko adorea ematen diela.

Bihotza taupadaka hasi zait ".

Dantza mota ugari

Erketz EDTko dantzariak izan dira agertokira irteten lehenak. Aurreskua dantzatu eta Semblante Andaluz elkarteko dantzari gazteen txanda izan da gero. Andaluziako doinu eta dantzen erakustaldia alaia eskaini dute. 

Lehoi kume talde bat agertu da bat-batean plazan, eta funky erritmora astindu dituzte gorputzak; trebezia ederra erakutsi dute denek. Emanaldi hori amaituta, berriz sevillanek hartu dute Okendo plaza. Amaia Gonzalez Caballero akademiako dantzariak aritu dira dantzan; kolore gorri eta beltzeko jantziak dotoreak jantzita eta kaskainetak eskuan hartuta egin dute dantza.

Euskal dantza sorkuntza

Euskal dantza eta doinuak ere ekarri dituzte Kukuka kideek. Hiru talde aritu dira ikus-entzuleen aurrean eta espartinak jantzita bizi-bizi astindu dituzte oinak.

Dantza lirikoaz gozatzeko aukera ere izan dute egitasmora gerturatu direnek. Amaia Gonzalez Caballero akademiako ikasle Lucia Muiñosek eta Xabier Vazquezek erakustaldi ederra egin dute. 

Muxikoen erritmoekin dantzan amaitu dute emanaldia; Plaza Dantzako kideekin batera aritu dira emanaldian parte hartu duten beste hainbat dantzari ere.

Talde argazkia atera dute dantzari guztiek amaieran.