ESKUALDEA

Usurbilgo Lanbide eskolak ate irekien bi saio egingo ditu datorren astean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 28a, 12:50

Usurbilgo Lanbide Eskolak (ULE)   ateak irekiko ditu maiatzaren 4an eta 7an, erdi zein goi mailako zikloak ikasteko asmotan dabiltzanek zentroaren eskaintza ezagut dezaten. Jardunaldi horietan parte hartu nahi dutenek www.lhusurbil.eus webgunean eman beharko dute izena. Horren bitartez, talde txikitan antolatutako  bisitak prestatuko dituzte.

Batetik, Erdi Mailako zikloak egin ditzakete: Administrazio Kudeaketa, Instalazio Elektriko eta Automatikoak, Hozteko eta Beroa Sortzeko Instalazioak edota Mekanizazioa. Bestetik, Goi Mailakoak: Administrazioa eta Finantzak, Automatizazio eta Robotika Industriala, Fabrikazio Mekanikoko Produktuen Programazioa, Fluido Instalakuntzen eta Instalazio Termikoen Mantenua, Energia Eraginkortasuna zein Eguzki Energia Termikoa eta Energia Berriztagarriak. 

Enpresa mundura hurbiltzen

ULEk nabarmendu du bere "lehentasunetako bat" dela zentroko ikasleak enpresa munduan murgiltzea. Aurten, berrikuntza gisa, lehen mailako ikasle guztiek egingo dituzte egonaldiak enpresetan, martxotik maiatzera: astean bitan joaten ari dira, eta gainerako hiru egunetan eskolak jasotzen jarraitzen dute, ordura arte ikasitakoa indartzeko. Horrez gain, bigarren kurtsokoek hiru hilabetez egiten dute lan enpresaren batean, edo, bestela, Dual programan parte hartu: ikasturte osoan zehar ikasketak eta lana uztartzen dituzte. 

Bestalde, adierazi du estudianteek aukera dutela STEAM egitasmoan parte hartzeko. Astean sei orduz, honako alor hauetako batean formakuntza osagarria jasoko dute: Fisika, Kimika, Matematika, Gaztelania, Pentsamendu Kritikoa nahiz Robotika eta Programazioa (azken horretan Arduino, Scratch eta Python programak erabiltzen ikasiko dute).

Ikasleek gustuko izaten dute, ahal izanez gero, ikasi bitartean egonaldi bat egiteko atzerrian, Erasmus programaren barruan. ULEk gogorarazi duenez, aurten berriro jarri dute martxan egitasmoa, pandemiaren aurkako neurrien lasaitzeak ahalbidetu duelako.