Gipuzkoako 1. Mailako bigarren postua eskuratzeko lehia bizia dago

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 28a, 12:30
Eguzki Arkupe Rehabilitaciones eta Idiazabal Bai Reformas taldearen arteko neurketako irudia.

Eguzki Arkupe Rehabilitaciones, Oiartzun, Euskalduna eta Teep Tolosala. Ligako azken jardunaldiak iritsi dira eta lau taldeek bigarren postua lortzeko aukerak dituzte; Eguzki, Oiartzun eta Euskaldunak 51 puntu dituzte eta Teep Tolosalak, berriz, 50. Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak Gaintxu eta Euskaldunaren aurka neurtuko ditu indarrak

Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldea 1. mailako bigarren sailkatua da egun. Postuan mantendu eta Gipuzkoako txapela lehiatu ahal izateko hurrengo bi partidak irabazi beharko lituzke.

Apirilaren 29an, ostiralarekin, Gaintxuren aurka neurtuko ditu indarrak. Azken neurketan, berriz, lehiakide zuzena izango du aurkari, Euskalduna. Partida Maialen Chourraut kiroldegian jokatuko da.

Ez da helburu erreza, baina Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeko kideak Gipuzkoako txapelketako finalera iristeko gogotsu daude.

Ezin finalean egon 
Infantil mailan, berriz, herriko taldeko taldeak ezin izango du Gipuzkoako txapelketako finala jokatu. 

Apirilaren 10ean, finalerdiko bigarren partida jokatu zuen Eguzkik Donostian. Aukera askorik ez zuen taldeak etxean 3-7 galdu baitzuen. Hala ere, gogotsu atera ziren txikiak zelaira. 

Partida gogorra izan zen. Donostiako taldeak nola edo hala partida irabazi nahi zuen eta Eguzkiko jokoa oztopatzeko zakar jokatu zuen. Lasarte-Oriako taldeko kideek ezin izan zuten ezer egin; aurkariak, ordea, aukerak sortu eta sei gol egin zituen.

Nahiz eta ezin kanporaketa gainditu, Gorka Redondo entrenatzailea pozarren dago gaztetxoek egindako denboraldiarekin.