Ostadarreko jubenil taldeak finalerako sailkapena jokoan du

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 28a, 13:30

Jubenil mailako taldea, Ligako partida batean lehian.

Partida garrantzitsua jokatuko du Ostadar SKTko Jubenil taldeak apirilaren 30ean, larunbatearekin; Gipuzkoako txapelketako finalerako sailkapena du jokoan

Talde urdin-beltza hirugarren sailkatu zen Ligan. Sailkapeneko lehen lau taldeak –Aldapeta Maria A, Fortuna KE, Ostadar SKT eta Hernani KE- irabazlea erabakiko duen fasea jokatzen ari dira. 

Bi partidako kanporaketa sistemaren bitartez, Fortuna  eta Ostadarrek indarrak neurtu dituzte.

Apirilaren 2an jokatu zuten lehen partida Donostiako Pio Baroja kiroldegian. Lasarte-Oriako taldeak 1-3 garaitu zuen Fortuna KE.

Partida borrokatua eta berdindua izan zen. Lehen zatia galdu arren (25-19), ederki erantzun zuen Ostadarrek eta hurrengo zatietan jokoa finduz, 26-28, 23-25 eta 23-25 gailendu zen.

Aipatu legez, apirilaren 30ean, 16:00etan jokatu dute bigarren partida Maialen Chourraut kiroldegian. Oraingoan ere partida borrokatua espero dute. Helburua garaipena eta finalerako sailkapena izango dira.

Partida atzeratua 

Kadete mailako taldearen kasuan, apirilaren 3an amaitu zuen Eskolarteko Liga eta A Multzoko bosgarren postuan sailkatu zen herriko taldea. 

Apirilaren 30ean 9. eta 12. postuak erabakitzeko lehia hasi behar zuen arren,Txingudiren aurkako partida atzeratua izan da.

Postu hauek erabakitzeko itzuli bakarreko liga bat jokatuko dute lau taldek. Talde urdin-beltzaren arerioak Txingudi BHI, Fortuna KE eta Hernani KE izango dira.