Kulturaz gozatzeko jarduera ugari iragarri dituzte maiatzerako

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 27a, 17:10

Zinema, antzerkia, opera eta dantza izango dira, besteak beste, datorren hilabeteko kultur agendan. Muntteri AEKrekin elkarlanean antolatu duten irakurraldi bertsotuari egin diote azpimarra berezia; Uxue Alberdi idazle eta bertsolariaren 'Dendaostekoa' liburutik abiatuta kantatuko dituzte bertsoak. Maiatzaren 27an egingo dute.

Orkestra lurtarra haurrentzako filmak eta La peor persona del mundo helduentzako proiekzioak irekiko dute maiatzeko kultur agenda. Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan proiektatuko dituzte, ordutegi ezberdinetan. 17:00etan izango da lehena eta 4 euro balio dute paseek. Bigarrena, berriz, 19:30ean hasiko da, eta sei euroko kostua dute. 

Opera zaleentzat hitzordua izango da maiatzaren 4an; Il puritani obra ikusteko aukera izango dute. 19:00etan izango da eta bertara joateko sarrerak erostea ezinbestekoa da; kultur etxeko leihatilan jarriko dituzte salgai, zazpi euro eta erdi eta bederatzi euro artean balio dute. 

Zinema emanaldi gehiago eta antzerkiak

Hirugarren zinema saioa izango da hilaren 6an, oraingoan Okendo Zinema Taldearen eskutik. El callejón de las almas perdidas filma proiektatuko dute, auditorioan, 20:30ean. Sarrerak sei euro balio dute. 

Antzerki obrak ikusteko aukera ere izango dute herritarrek. Maiatzaren 7an izango da lehena. Noa uy, uy, uy! familia antzezlana taularatuko du Panta Rhei teatroa taldeak. 17:00etan hasiko da, eta sarrerek lau euro balio dituzte. 

Igandeetako zinema saioekin jarraituz, beste bi saio izango dira hilaren 8an. Haurrentzako saioa ohiko ordutegian izango da, 17:00etan, eta Las aventuras de Pil ikusteko aukera izango dute etxeko txikienek. Sarrerak lau euroan eros daitezke. Helduentzako, aldiz, En su punto filma aukeratu dute. 19:30ean proiektatuko dute, sei euroko sarreren truke. 

Khea Ziather-ek Winona & Grace antzezlana ekarriko du herrira. Maiatzaren 14an oholtzaratuko dute kultur etxeko auditorioan, 20:0etan. Sarrerak sei euro balio dute. 

Beste hiru zinema saio ere izango dira hilabetea amaitu aurretik. El secreto de Vicki da haurrentzako aukeratu dutena. Maiatzaren 15ean, 17:00etan emango dute, auditorioan eta lau euroko sarreraren truke. Helduentzat, berriz, La ciudad perdida iragarri dute. Egun berean proiektatuko dute, baina bi ordu eta erdi geroago, 19:30ean. Paseek sei euro balio dute. Okendo Zinema Taldearen eskutik, aldiz, Alcarrás ikusteko aukera izango dute lasarteoriatarrek maiatzaren 20an. 20:30ean hasiko da emanaldia eta sarrerek sei euro balio dute. 

Irakurraldi bertsotua eta dantza ere bai

Lasarte-Oriako Muntteri AEKrekin elkarlanean, eta Korrika Kulturalaren barruan, irakurraldi bertsotua antolatu dute. Uxue Alberdi idazle eta bertsolariaren Dendaostekoa liburua oinarri hartuta egingo dute saioa. Idazleak bere lanaren pasarte bat irakurri eta hortik abiatuta bertsotan arituko dira Aitor Nova, Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal. Maiatzaren 27an izango da egitasmoa, 19:30ean, kultur etxean. Sarrerek sei euro balio dute. 

Koronairusak eragindako osasun egoeraren ondorioz bi urteko etenaldia egin ostean, Erketz Euskal Dantza Taldearen Dantzari Txiki Egunak hartuko du herria berriro. XXXII. edizioa izango da aurtengoa, eta hilaren 29an egingo dute. 11:30ean hasi eta 13:15ean amaituko dela jakinarazi dute antolatzaileek. Herriko auzoetan zehar ibiliko dira.