Beñi Agirre: "Historiaren gainean nola lan egiten den, hori da gakoa"

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 27a, 12:42

Nabarralde fundazioak antolatuta, Noaindik Amaiurrera, 1522-2022 hitzaldia eman du Beñi Agirre kazetari eta idazleak, Antonio Mercero gunean. Ikus-entzuleen jakin-mina piztu du ekitaldiak, eta lepo bete dute aretoa. Luze eta zabal jardun dira Nafarroako erresumaren historiaz, gaur egungo Euskal Herriaz eta beste hainbat gaiz. Horren gustura aritu dira, ezen "beste solasaldi bat edo bi" antolatzeko premia ikusi duen hizlariak. 

Euskal Herriaren memoria kolektiboa berreskuratzeko eta ezagutzeko ahaleginean "urte asko" daramatza Nabarralde fundazioak. "Gure historiaren kontzientziak egungo errealitatean bizi ditugun arazoetako asko nondik datozen ulertzen lagunduko digu, eta etorkizunari elkarrekin ekiteko orduan gure erreferenteak zeintzuk diren argi ikusten ahalbidetuko digu". Norabide horretan, hitzaldia eta erakusketa antolatu dituzte Lasarte-Orian egunotan. Beñi Agirre kazetari eta idazleak Noaindik Amaiurrera, 1522-2022 solasaldia eman du Antonio Mercero gunean, Nafarroako erresumako herritarrek Noaingo guda galdu eta ia urtebetera Amaiurko gaztelua hartu zutenetik bost mende betetzear direnean. 

Euskaldunak, subjektu

Nafarroako erresumaren historia luze eta zabal ikertu du Agirrek, eta hitzaldia hasi bezain pronto zehaztu du bere kontakizunaren "subjektu nagusia" direla euskaldunak, ez "historiaren bazterreko zati bat". Zentzu horretan, hernaniarrak uste du ez dagoela historia bakar bat, bestela historia liburu bakarra egongo litzatekeelako: "Gakoa da gertatutakoa nola kontatzen den eta horren gainean nola lan egiten den". 

Nafarroako erresuma izandakoaren historia, bilakaera eta gainbeherari (gertakari esanguratsuenetako bat Gaztelako erresumaren 1512ko inbasioa izan zen) buruz solastu da Agirre ikus-entzuleekin. Aipatu dituen daten artean, hona hemen nabarmentzeko bat: 824. urtea, Eneko Aritzak Nafarroako erresuma sortu zuenekoa. Urtez urte gertatutako bataila eta guda ugari ekarri ditu gogora, ondorio hau berresteko: "Historialari ugari esaten saiatu izan direnaren kontrara, herri indartsua zen, teknologikoki aurreratua eta garatua". Lurraldeari dagokionez, 1035 eta 1050 artean hedatu zen gehien. Orduz geroztik, ordea, txikitzen eta indarra galtzen hasi zen, Gaztelak 1512an inbaditu zuen arte.

Albako dukeak gidatu zuen Gaztelako gudarostearen erasoa. Nafarrek tinko erantzun arren, garaituak izan ziren hilabete gutxi batzuetan. Independentzia galdu berri zuten erregeek eta herritarrek kontraeraso bat baino gehiago egin zituzten konkistan galdutakoa berreskuratzeko: hor kokatzen dira 1521eko ekainaren 30ean Noainen borrokatu zuten bataila eta Amaiur gaztelua hartu izana, 1522an. 

Azalpen historikoak eman bitartean, Iñaki Sagredo historialariaren mapa bat erakutsi du; Nafarroako erresumak bere garaian izandako gaztelu guztiak jaso ditu bertan. "Lan eskerga egin du Sagredok, mapa osoa erabili duelako, eta ez gaur egungo autonomia erkidegoak. Esan dudan bezala, historiaren kontaketa metodo kontua da". 

Erakusketa, ostiralera arte

Agirrek, bukatzeko, zehaztu du "beste bataila batean" murgilduta daudela gaur egun, "kontakizunarenean". Horregatik antolatu dituzte hitzaldia eta erakusketa 500 urte geroago, Nafarroako erresumaren eta Euskal Herriaren historian "giltzarriak" izan ziren gertaerak kontatzeko, eta "ahanzturan ez geratzeko". Ondoren, galdera eta ekarpen ugari egin dituzte ikus-entzuleek, solasaldia arretaz jarraitu dutenaren seinale.

Agirreren hitzaldia ez ezik, Nabarralde fundazioak Noaingo bataila lau artistaren begiradapean erakusketa antolatu du, eta Antonio Mercero gunera ekarri. Lasarteoriatarrek ostiralera arte bisita dezakete, 18:00etatik 20:30era. 

Erlazionatuak

'Noaingo bataila lau artistaren begiradapean'

Txintxarri Aldizkaria 2022 mar 30 Kultura