Buruntzaldea IKTko igerilariak bidaldiak egin dituzte Pazko Astean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko apirilaren 26a

Buruntzaldea IKTko gaztetxoak Elizondon izan ziren uretako ekintzetaz gozatzen. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea Igeriketa Taldeak Pazko Astean bi egonaldia antolatu ditu. Infantil eta juniorrak Pirinioetara egin dute bidaia, apirilaren 20tik 23ra; txikiagoak, berriz, Baztan aldean izan dira apirilaren 22an eta 23an. Osasun egoera zela eta, azken bi urteetan ezin izan dute irteerarik egin. Helburua taldekideen arteko harremanak sendotzea da taldeko kideek azaldu modura. Zaharrenek entrenamenduak eta aisia saioak uztartu zituzten bitartean, txikiek rapela, ferrata bidea eta ur-jauziak egiten zein Bertiz Abentura Parkean ederki gozatu zuten.

Buruntzaldea IKTko infantil eta juniorrak Pirinioetan. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Asteburu honetan, berriz, lehiaketetara itzuliko dira. Lau hitzordu izango dituzte igerilariek. Txikienek KZLko eta Alebin Mailako Ligako saioetan parte hartuko dute; senior eta juniorrak San Marcial sarian lehiatuko dira eta Nahia Zudaire, berriz, igeriketa egokitutako Gaztela eta Leongo nazioarteko sarian.