San Pedro Jaietarako dirulaguntzen deialdia ireki du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 26a, 10:21

Lasarte-Oriako Udalak 9.449 euro bideratuko ditu herrian egoitza duten pertsona fisikoei zein juridikoei dirulaguntzak emateko, aurtengo sanpedroen harira. Eskaerak egiteko azken eguna maiatzaren 16a izango da, astelehena. 

Bete beharreko baldintzak hauek dira: dirulaguntzak eskatzen dituztenen erregistro orokorrean alta emanda egotea eta "behar bezala" betetzea eskaera orria. "Zehatz-mehatz azaldu behar dute garatuko duten programa eta gastuen nahiz sarreren aurrekontua". 

Dirulaguntza eman ala ez erabakitzerakoan, udalak zenbait irizpide izango ditu kontuan:

  • Programaren aurrekontuak 40 puntu balioko ditu asko jota.
  • Parte hartzaileen kopuruagatik, hogei puntu gehienez.
  • Jardueraren finantzazio tasagatik, hamabost puntu.
  • Programaren errotze mailarengatik, hamar puntu.
  • Antzeko proposamenekiko koordinazioagatik, hamar puntu.
  • Entitatearen edo konpartsaren fidagarritasunagatik, bost puntu.