Loreen eta landareen erakusleiho bilakatuko da Okendo plaza

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 26a, 17:53

Lore eta landareen azoka deitu dute Behemendi elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak. Larunbat honetan izango da, apirilak 30 goizeko 10:00etatik 14:30ak bitarte. Okendo plazan egingo dutela iragarri dute antolatzaileek. Behemendi elkarteko Ainhoa Amundarain eta Dekolore elkarteko lehendakari Juantxo Pollacino izan dira aurkezpenean, Agustin Valdivia alkatearekin eta Sozioekonomia batzordeburuarekin batera; gaur eguerdian aurkeztu dute egitasmoa

Lore eta Landareen IX. azokak hartuko du Okendo plaza larunbat honetan, hilak 30. Behemendi elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatzen dute jarduera, eta iragarri dutenez, aurtengo merkatua Okendo plazara ekarriko dute berriro ere (Andatza plazan egin zen iaz, koronabirusak eragindako egoera medio). 10:00etatik 14:30era izango dute bezeroek erosketak egin edota postuetako eskaintzak ikustera gerturatzeko aukera. 

Antolatzaileek azpimarratu dute, "Gipuzkoako lore eta landare ekoizle-profesional nagusiak" bilduko direla azoka horretan; 85,5 metro karratu izango ditu. Landare Azokak elkartea osatzen duten kideetako zazpi ere etorriko dira Lasarte-Oriara. Behemendi landa-garapenerako elkarteak zehaztu du elkarte horren helburua dela gisa horretako feriak sustatzea lurraldeko herrietan.

Azokaren xede "bakar eta nagusia" zein den ere kontatu dute: baserriko produktuen salmenta bideak sustatzea. Hala, salmenta puntu izateaz gain, baserriko produktuen promozio eta erakusketa gune ere badira. Gainera, ohartarazi dutenez ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena ahalbidetzen dutela, eta, noski, familia ekonomia, tailer txikien eta ustiategien bizi iraupena ziurtatzen. 

2002an hasi zen Behemendi baserrietako produktuen azoka bereziak antolatzen, nahi nagusi batekin: orokorrean lehen sektoreak bizi duen beherakadari irtenbide eman asmoz.

Produktuen aukera zabala

Garaiko landareak, barnerako zein kanporakoak, zuhaixkak, jangarriak diren fruitu txikien zuhaitza ekologikoak, landare aromatikoak eta sukaldean erabiltzekoak, kaktusak, landare zukutsuak eta bonsaiak erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Honako hauek izango dira euren produktuak erakutsi eta salgai jarriko dituzten haztegiak: Viveros El Montañes, Zunoyar Lorategia eta Islaya, Ortuberri, Urtinea, Arizkurengo Tienduka, Lore Prentsatua, Semillas Ecológicas, Sojo natura, Sara Letamendia, Flores Ganchillo eta Tissus Artisautza. 

Azokaren funtzio didaktikoa

Azokak funtzio didaktikoa ere baduela nabarmendu dute antolatzaileek; haurrentzako bi landare tailer eta egurrezko jolasak izango direla iragarri dute.