Azkuraren jatorria topatu nahian

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 23a, 22:00

Txalo Produkzioak taldeak Lehendakari gaia komedia taularatu du larunbat iluntzean Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan. Bi aurpegi ezagunek, Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga, bertaratutakoen barreak eragin dituzte, arazotxo bat duen lehendakari hautatu berria eta hari lagundu nahi dion psikiatra jokatuta. 

Aukeratu berri den lehendakaria kargu hartze ekitaldirako diskurtsoa prestatzen ari da. Ispilu aurrean jarri da esan beharrekoa errepasatzen eta sudurrean azkura nabaritu du. Hazka eginda ere, bueltan da etengabe. Eutsi egiten badio, aurpegi arraroak jartzen ditu. Jende aurrean horrela agertu ezin dela jabetuta, medikuen laguntza bilatu du. Otorrinolaringoloak esan dio azkuraren arrazoia ez dela fisiologikoa eta psikiatra batekin hitz egiteko. Horren aurretik, ordea, irtenbide naturalago bat probatuko du lehendakari gaiak, emazteak hala eskatuta. "15 urtetan ez diot kontra egin, ez neukan gaur hasteko asmoa" . Horien guztien berri eman dio antzezlanaren hasieran mahaiaren beste aldean, aurrez aurre duen psikiatrari. 

Azkuraren jatorria topatu nahian, psikiatrak hainbat galdera egingo dizkio lehendakari gaiari. Horietako batzuen zergatia ez du ulertuko eta harriduraz erantzungo dizkio. Erantzun bakoitzarekin aretoa ia bete duten ikus-entzuleen barreak eragin ditu Galartzak. 

 

 

Erlazionatuak

Txalo Produkzioak - 'Lehendakari gaia'

Txintxarri Aldizkaria 2022 api 23 Kultura