Aitor Manso bigarren izan da Opakua igoeran

Txintxarri Aldizkaria 2022ko apirilaren 13a

Aitor Manso, BRC B49 ibilgailuan Opakuako igoera lehiatzen. Arg.: Aitor Manso.

Aitor Manso herritarrak Euskadiko Mendi igoeren bigarren proban parte hartu zuen, Opakuan, hilaren 9an. Arazo mekanikoak medio, bigarren sailkatu zen Lasarte-Oriako gidaria. Hilaren 10ean, berriz, 2020 eta 2021 urteetako txapelketen sari banaketa antolatu zuen Euskadiko Automobilismo Federazioak. Mansok hiru sari jaso zituen denboraldi horietan egindako lanarengatik

Hilaren 9an, Opakua igoera (Araba) lehiatu zen. Lehia irekia zegoen; azken denboraldietan nagusi den Joseba Iraolak ez zuen parte hartuko. Aitor Manso herritarrak hutsune hori baliatu nahi zuen podiumeko lehen postura igotzeko. Alabaina, eguraldia eta arazo mekaniko bat izan ziren bere arerio.

Mansok ezin izan zuen entrenamendu saioetan BRC B49 ibilgailua ongi berotu. Entrenamendu libreetako bere tartean euria egin zuen eta ofizialean ezin izan zuen igoera amaitu. "Lehen entrenamenduan euria egin zuen eta ezin izan zuen ibilgailua ongi probatu. Entrenamendu ofizilaiean, berriz, azeragailuarekin arazoak izan nituen eta lasterketa utzi behar izan nuen," azaldu du gidari gazteak.

Bi lasterketa kronometratuetan bere onena ematen saiatu zen herritarra eta bere denbora ondu zuen arren, ezin izan zuen Garikoitz Floresen marka gainditu. Beraz, bigarren postuarekin konformatu behar izan zen. "Erritmoa galdu nuen entrenamenduen arazoarekin. Gero lasterketetan, beroketa pixka bat gehiago behar nuela somatu nuen. Arazorik izan ez banu, lehian egongo nintzakeela uste dut", onartu du Mansok.

Garikoitz Flores nafarra izan zen garailea proban. Aurten Joseba Iraolarekin batera Mendi Igoeren zein CM Promo mailako txapelketan arerio gogorra izango dela adierazi du Mansok. Aia Andatza igoeran bigarren izan zen Flores. "Esperiantzia handiko gidaria da. 15 urte daramatza lasterketan parte hartzen. Espainiako txapelketako probetan ere lehiatzen da", adierazi du.

Denboraldi hasiera honetan izan dituen arazoek kezkatzen dute herritarra. Hurrengo igoerako zorte hobe izatea espero du.

Sari banaketa

Igandean Euskadiko Automobilismo Federazioko kideak eta gidariak Agurainen (Araba) bildu ziren 2020 eta 2021 urteetako txapelketako sariak banatzeko.

Mendi Igoeren atalean, Aitor Manso herritarrak hiru sari jaso zituen. 2020. urtean hirugarren postua eskuratu zuen eserleku bakarreko mailan; 2021ean C7 mailako Euskadiko txapeldun izan zen eta eserleku bakarreko sailkapeneko bigarren.

Herritarra pozarren dago sariak jaso ahal izateagatik: "Ez genekien saribanaketa egongo zen. Egoera egonkortu arte itxaron dute. Pozik nago sariekin eta bi denboraldi hauetan lortutakoarekin". Eta hurrengo urtean ere sari banaketan egoteko lan egingo duela aitortu du.