Herritarrak proba motz zein luzeetan lehian izan dira

Txintxarri Aldizkaria 2022ko apirilaren 13a

Aimar Sukuntza Txernobylgo haurren aldeko lasterketako podiumean. Arg.: KHP - Foto. Gipuzkoa Natación

Ibiza, Sobrarbe, Errioxa, Bera, Andoain, Hernani... Aste Santuko opor egunak baliatuz herritarrak eta herriko taldeetako kideak Erkidegoko zein beste probintzietako lasterketetan parte hartu dute. Proba luzeak zein motzak egin dituzte eta gustura egon dira lehian

Ibizako uhartera egin dute bidaia, esate baterako, Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteko (LOTME) kide batzuk. Mertxe Casasek eta Claudia Alejandra Zaratek Maratoian egin zuten lehia; Arantza Zapatak eta Isabel Finciasek, berriz, 12 kilometroko proban.

Zumeatarra taldeko Aimar Sukuntza eta Javier Somovilla ez dira hain urrun joan. Igandean, Hernanin antolatu zen Txernobyleko haurren aldeko lasterketak parte hartu zuten. Nahiz eta lehiak garrantzia handirik ez izan ekimen horretan, podiumera igo zen Sukuntza gaztea Sergio Roman eta Unai Albarekin batera.

Mendian ere primeran

Ez dira errepidean edo pistan lehiatu soilik. Distantzia luzeko probetan ere izan dira korrikalariak.

Hilaren 9an, Prejano eta Encino artean jokatu den Dinosauro aztarnak Trail proban lehiatu ziren Lasarte-Oria Traileko kideak. 52,3 kikometroko Ultra proban Jon Palet eta Lorena Campomarrek parte hartu zuten; proba klasikoan (24,7 km.), berriz, Injes Aguado izan zen lehiatzen.

Bestalde, hilaren 10ean, Sobrarbeko Gran Trailean lehiatu dira Granado anaiak. LOTMEko Borjak eta Alpino Uzturre taldeko Ivanek 30 kilometroko proba egin zuten eta lehen hamarren artean amaitu zuten.

Andoaingo Mendi Martxako 42,7 kilometroko proba luzean, berriz, LOTMEko Marc Bages, Iñaki Letamendia, Javier Olazagoitiak eta Alberto Calvok parte zuten.

Berako XVI. Maratoi Erdian herritar kopurua handiagoa izan zen. 21 kilometroko probako helmuga igaro zuten LOTMEko kide Santi Trantxe, Ricardo Marcos, Xabier Carcedo, Josean Lasa, Jon Huici, Sergio Ramirez, Asier Mindegia eta Maite Salazar zein Axeri taldeko Beñat Los Arcos eta Ostadar SKTko Julen Ollokiegi ere.

 

 

Herritarrak eta herriko taldeetako kideak, proba ezberdinetan. Arg.: LOTME/Ivan Granado