La Esperanza auzo elkarteak azken agurra eman dio Jose Zato lehendakariordeari

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 12a, 10:57

Oria auzoko La Esperanza elkarteak ohar bat bidali du TXINTXARRI-ren erredakziora, Jose Zato lehendakariorde izandakoaren heriotzaren harira. Gogorarazi du sortzaileetako bat izan zela, eta urte hauetan guztietan egindako lana azpimarratu.

"Bizilagunen eta pertsona zaurgarrienen alde lan egin zuen, nekaezin, hori izan zen beti bere helburu nagusia. Bere jarrerak ezin zuen adeitsuagoa eta lagunkoiagoa izan", azpimarratu dute auzo elkarteko kideek. Zehaztu dute elkartearen sortzaile eta sustatzaileetako bat izan zela, eta kargu ugari izan zituela; duela egun gutxira arte, hil egin zen arte, bera zen lehendakariordea. 

"La Esperanzak, Oriako bizilagunek bezala, galera handia izan du. Doluminak bidaltzen dizkiogu Jose Zatoren familiari", amaitu dute. 

Memoria historikoa

Salamancako Fuenteguinaldo herrikoa zen Zato, eta 1958an etorri zen Lasarte-Oriara. Urteak zeramatzan Islada Ezkutatuak taldean parte hartzen; 1936ko estatu kolpea eta horrek herrian izan zituen ondorioak argitzeko jo eta su ari da lanean eragile hori, eta Zatok ere egin zuen bere ekarpena, pasa den igandean zendu zen arte. 

Jose Zato, Paco Etxeberria mediku forensearekin, 2017an, Txaldatxurreko gainean.