Aire zabaleko denboraldiak aurrera darrai eta Gipuzkoako txapelketako jardunaldi berriari egin behar izan diete herriko atletek.
Adin Txikiko txapelketako lehen jardunaldian pisu jaurtiketa proban eskuratu zituzten posturik onenak Ostadar Atletismo saileko kideek, lau domina. Aitor Eizaguirre garaile izan zen 16 urtez azpiko mailan; Eneko Andonegi (20 urtez azpiko maila) eta Aiala Ramos (16 urtez azpiko maila) podiumeko bigarren izan ziren eta 16 urtez azpiko mailako hirukoa itxi zuen Nora Manzanalek.
Jauzi hirukoitzean ere lehen postuetan izan ziren 16 urtez azpiko mailan. Oinatz Almagro laugarren izan zen eta June Garcia seigarren.
Horiez gain, tal urdin-beltzeko Axier Elvira, Hodei Garcia, Iraia Alkorta, Alex Alkain eta Dunixe Muñoz kideek ere parte hartu zuten saioan.
Zumeatarra taldeko Unai Somovilla herritarrak ere parte hartu zuen 1.500 metroko lasterketan eta 18 urtez apziko mailako bigarren postua eskuratu zuen.
Master mailan ere izan zen Lasarte-Oriako ordezkaririk eta podiumera igo zen gainera. Jose Ramon Latorre Atletico Renteria taldeko kidea 100 m. lasterketako irabazle izan zen.
Jardunaldi horretan gainera altetismo egokituko probak izan ziren. Bertan Jon Mendoza eta Ane Asensio Ostadar Inklusioko kideak izan ziren lehian 100 m. lasterketan.
Bi domin gehiago eskolartekoan
Eskolarteko Gipuzkoako txapelketa lehiatu zen igandean Irunen. Bertan taldeko 20' gaztetxok parte hartu zuten eta nabarmentzekoak dira alebin mailan Eider Redondok lortutako bi dominak eta Alex Apariciok 500 metro lasterketan egindako laugarren postua. Redondok luzera jauzian, lehen postua lortu zuen 4,94 marka izugarria eginez. 60 metro hesi proban, berriz, zilarrezko domina jantzi zuen.
Alabaina, ez dira hauek azken herriko atletek lortuko dituzte azken dominak eta markak izango. Txikienek Eskolarteko Txapelketako hirugarren jardunaldia lehiatuko dute maiatzaren 1ean; Adin txikiko zein Master mailako txapelketari dagokionez, maiatzaren 7an eta ekainaren 4an proba batzuk lehiatuko dituzte, batez ere, 16 urtez azpiko mailako lehiaketak eta ekainaren 12an, berriz, bigarren jardunaldia izango da.
