Dozenaka txirrinduzalek zeharkatu dute Askatasuna parkeko helmuga

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 10a, 14:17

XI. Lurauto BTT Proba egin dute gaur goizean. 500 lagunek izena eman zuten eta denak izan dira irteerako mugan, hiru ibilbideetako bat osatzeko prest. Eguraldi ona lagun izan dute eta goiz atsegina igaro dute txirrindulariek bizikleta gainean eta helmugan.

Ohi baino lehenago bueltatu da BTT proba Lasarte-Oriara. Urtebete beharrean, urte erdi besterik ez dute itxaron behar izan txirrindulariek jada errotuta dagoen proba honetan parte hartzeko. Iazko salbuespenaren ondoren, ohiko hilabetera ekarri dute berriro. 2021eko proban inoiz baino lagun gehiagok izena eman zuen, 650, gaurkorako, ordea, 500eko muga ezarri zien Gipuzkoako Foru Aldundiak. Partaide kopurua murriztu arren, gogoa bere horretan mantendu dute. 

Mx Racing eta Saiatuz kirol elkarteek antolatutako proba 09:00etan abiatu dute. Speaker lanetan aritu den Asier Odriozolak egin du atzera kontaketa, eta pedalkadaz pedalkada, hiru ibilbideetako bat osatzeko bidean jarri dira: 26,4 kilometro eta 940 metroko desnibela; 34 kilometro eta 1.320 metroko desnibela, edo 46 kilometroko 1.855 metroko desnibelarekin, Andatza eta Buruntza mendietan zehar.

Askatasuna parkeko helmuga zeharkatzen lehenak ordubete eta erdi luze behar izan du ibilbide laburrena osatzeko; pro mailako onenak, berriz, bi ordu eskas. Hasierakoak banan-banan iritsi dira, baina, minutuek aurrera egin ahala taldetxoak ugariagoak ziren. Zaletu eta senide ugari bertaratu dira azken metroak ikustera eta partaideak iristen joan diren heinean Mercero Guneko atari inguruan girotxoa pizten joan da. Izan ere, askok bertan jan baitute indarberritzeko eman dieten hamaiketakoa. 

Euririk ez du egin, baina lokatzik ez da falta izan eta parte hartzaileetako batzuk nola helmugaratu diren ikustea nahikoa izan da horretaz jabetzeko. Antzera, bizikleta eta gurpilekin ere. Horregatik, ibaiertzeko mahukak erabiltzera joan dira gehienak. 

Pro mailako azkarrenek sari bana jaso dute. Gizonezkoen kasuan podiumera igo direnak,  Hodei Elizalde usurbildarra, Iker Zubillaga leitzarra eta Ander Zubizarreta azkoitiarra izan dira. Emakumezkoen sailkapeneko onena, berriz, Laura Moreno lasarteoriatarra, Esther Pelaez lasarteoriararra eta Maialen Sorreluz zarauztarra izan dira.