Iluntzera arte luzatu da Korrika eguna

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 9a, 11:54

Eguna argitu aurretik heldu da Korrika Lasarte-Oriara. Ordu eta erdi luze behar izan du ibilbidea osatzeko, baina herria utzi ondoren ere, hari lotutako jarduerek aurrera jarraitu dute. 

Ttakun Kultur Elkaretaren Faktoria programako gazteek prestatutako makarroi jana egin dute eguerdian, 50-60 bat pertsona animatu dira bazkaltzera. Ondoren, erromeria egin dute. Biak ala biak, Okendo plazako karpan egin dituzte. Arratsaldeko lehen orduan, gainera, Ostadar SKTk antolatutako jolasetan aritzeko aukera izan zuten.

Eguraldi txarretik babesteko leku aproposa izan da Jalgi taberna arratsaldeko azken partean. Earra bertso eskolako zazpi gaztetxok -Nikola, Oihan, Xuban, Nora, Araitz, Urko eta Maddi- beraien lehen plazan aritzeko aukera izan dute agurrean aipatu bezala. Bakoitzari emandako puntuekin edo amaierekin osatu dituzte bertsoetako batzuk. Aurkezle lanak egin dituen neskatoak banan bana irakurri dizkie bakoitzari zegozkionak eta papertxoetan banatu, eskura izan zezaten prestatzeko garaian. Urduri aritu dira, estreinakoetan gertatu ohi den bezala, baina aurrera atera dituzte ariketa guztiak eta entzuleen txaloak eskuratu. 

Kanpoan giro kaxkarra meteorologiari zegokionean bakarrik egon da, Dinbi Banda taldeak Okendo plaza eta haren inguruko kaleak erritmo biziz bete baititu. Jende ugari bildu dute perkusio doinuek eta haien atzetik egin dute bidea, nahiz eta euria aritu. Hasi eta bukatu leku berean egin dute. Ordurako, Muntteriko irakasleak zerbitzatzen ari ziren afari goxoa karpako mahaien bueltan eserita zeuden herritarrei. Enpanada eta pasta goxoa jaten ekin diote otorduari, konpainia onean.

Erlazionatuak