Aurten lehenengoz Okendo plazatik abiatu da Korrika Txikia. Oriarte BHIko gazteak izan dira lekukoak eramaten lehenak. Kale Nagusitik Ola Kalera eta Zumaburutik barrena, Sasoeta Zumaburu ikastetxeko Zumaburuko eraikinean ikastetxeko txikiak korrika egiteko zain izan dituzte.
Mailaka lekukoa txandakatuz, Kale Nagusia hartu dute; Beko kale bidetik Kalbario bidea igo eta Sasoeta Ibilbidetik Donostia Etorbideruntz egin dute. Bertan lekukoa berriro Oriarteko gazteei eman diete.
Donostia etorbidetik gora Atsobakarreko biribilgunean zain zituzten Landaberri ikastolako txikiak. HH3tik LH2ra eskuz esku ibili da lekukoa. Ikastola ondoko Atsobakar Etorbidea gora eta behera egin ostean, Donostia Etorbidetik behera egin dute.
Tajamar errotondan egin dute bat Oriarte BHIkoek berriro Korrika Txikiarekin. Pablo Mutiozabal, Pintore, Iñigo de Loiola, Geltoki kaleak zein Hipodromo Etorbidea igaro dituzte.
Eta azken lekukoan, Landaberri ikastolako Zubieta eraikineko gaztetxoek hartu dute. Zaharrenek hartu dute lehenik lekukoa Uistin eta Blas de Lezo kaletik barrena eta LH3-4 mailakoek egin dituzte Geltoki kaletik Okendora zeuden azken metroak.
Okendo plazara iristean ikastetxe guztietako haurrek eta gazteek batera 22. Korrikako koreografia dantzatu dute.