Txorien habia kutxak zintzilikatu eta hegaztientzako jantokiak nola egin ikasi dute Lasarte-Oriako ikasleek. Aranzadi elkarteko ordezkarien bisita izan dute eta horiek arduratu dira proiektuaren berri emateaz. Gure ondare naturala babestu eta zaintzeko interesa eta ardura handitzeaz gain, natura eta aisia uztartzeko bideak gero eta gehiago dira, eta hegaztiak heziketa eramaile bikainak direla azaltzen du zientzia elkarteak. Horregatik, Ornitologia Sailak hegaztien ezagutzarekin lotura duen Txoribox ingurumen heziketa proiektua jarri du abian. Horren helburu nagusia da ikasleak, naturaren eta faunaren ezagutza, kontserbazioa eta ikerkuntzaren garrantziaz jabetzea. Horretarako tailerrak egiten dituzte ikastetxeetan, eta oraingoan, Lasarte-Oriako Sasoeta ikastolako eta Landaberri ikastolako haurrekin egon dira.
Olatz Aizpurua Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak bisitatu ditu ikastetxeak, eta bere laguntzaz ikasi dituzte ikasleek hegaztien ezaugarriak. Baina ez hori bakarrik; habia kutxak egiten ere ikasi dute, eta baita txorientzako jantokiak ere.
Aizpuruak nabarmendu du habia kutxen garrantzia: "Gure hiri eta herriko zuhaitzek ez dute berezko zulorik, eta, ondorioz, horiek behar dituzten hegaztiek, Trogloditek, ezin dituzte habiak egin, eta horri irtenbide emateko dira habia kutxak, hor egiten dituzte kabiak".
Hori horrela gertatzen dela ziurtatu ahal izan dute Sasoeta ikastetxeko ikasleek. Izan ere, Aranzadikoen tailerra egin aurretik, zintzilikatuak zituzten lau habia kutxa eta horietan txoriek habiak topatu dituzte, eta horiek garbitzen aritu direla kontatu du Aizpuruak: "Udaberria iristen denerako, kabi berriak egin ditzaten garbi egon behar dute habia kutxek".
Lan berdinak egin dituzte Landaberriko seigarren mailako ikasleek ere, eta hegaztientzako jantokiak ere bai (Sasoetakoek ere egin dituzte). Material birziklatuekin egin dituztela azaldu du Aizpuruak eta ikasle bakoitzak bere etxera eramateko aukera izan du.
Hilaren 7an, berriz, herriko pailazo bihurriaren bisita izan zuten Zumaburuko HH 3, 4 eta 5. mailako eta Garaikoetxeako HH 3, 4 5 eta LH 1 eta 2. mailako ikasleekin. Korrika herrira iritsi bezperan, motorrak berotzeko.