Kinada taldea: "Disko berri bat egiteaz ez dugu hitz egin oraindik, baina sortzen jarraitu nahi dugu, hori ziur"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2022ko api. 8a, 05:47

Kinada, iazko abuztuan Usurbilgo Atxegalde auzoan emandako kontzertuan. Argazkia: Larrun Pikabea.

JULEN URRUZOLA ETA JAGOBA MENDIZABAL - KINADA TALDEKO KIDEAK

Musikazaleentzat, hona egun bat ederki bukatzeko plan bat: Kinada talde lasarteoriatarrak herrian joko du berriro, Jalgi kafe antzokian, bihar, 22:30ean. Sarrera doakoa da.

Oraindik talde izenik ez zutela (Talde Sorpresa jartzen zuen kartelean) igo ziren aurrenekoz Jalgi kafe antzokiko eszenatoki gainera Lasarte-Oriako lau gazte: Jagoba Mendizabal (ahotsa), Julen Urruzola (baxua), Xuar Agirre (gitarra) eta Julen Urruzola (bateria). Ia hiru urte geroago itzuliko dira taula berera pertsona berberak, baina aldatu dira gauza batzuk: Kinada izena dute, eta esperientzia gehiago. Horren erakusgarri, iazko abuztuan Estimuluen bidaia diskoa argitaratu zutenetik han eta hemen eman dituzten emanaldi ugariak.

Kinadako ahotsak eta bateriak, Mendizabalek eta Urruzolak, jarri diote erritmoa elkarrizketa honi. Hurrengo bi kontzertuez, diskoaren eta taldearen sorreraz, etorkizunaz, musikaz eta beste hainbat kontuz hitz egin dute TXINTXARRI-rekin. 

Gaur Donostiako Doka antzokian joko duzue, eta bihar, herrian, Jalgi kafe antzokian. Asteburu ederra duzue aurretik. 

Jagoba Mendizabal: Egia esan, proposamena jaso genuenean harrituta geratu ginen, ez genuen espero. Doka erreferentziazko aretoa da hemen inguruan. Urtarril amaieran-edo idatzi ziguten. Gutxi gorabehera, astean bitan jasotzen ditugu proposamenak, baina ez horrelako tokiek eginak.

Julen Urruzola: Gaztetxeetatik jartzen dira gurekin harremanetan, areto txikiak, gertuko jendea, baina ez Dokaren dimentsiokoak, orain arte behintzat. No Konforme taldearekin joko dugu. Ez genuen ezagutzen, eta jarraitzaile pila bat zituela ikustean harritu egin ginen. Beste dimentsio bateko talde bat da, baina horrelakoekin jo ahal izatea sekulako aukera da guretzat. Ez genuen erabat sinetsi hasieran, baina gero ikusi genuen data hurbiltzen ari zela, eta aurrera zihoala.

J.M.: Dokakoa aurrera zihoala ikustean, Xuarri, Bartzelonan ikasten ari den taldekideari, bueltatzeko txartela erosteko esan genion. Hori baliatuta, Jalgiko kontzertua lotu genuen. Javi Mora jabearekin hitz eginda genuen lehendik, baina aukera onena eta errazena biak asteburu berean egitea zen.

Alor horretan, Jalgi ere erreferentea da, herrian behintzat.

J.U.: Bai. Herrian ez daude askoz areto gehiago kontzertuak emateko: garai batean Elebeltz, Furia Beltza,Oreka tabernara DJak ekartzen dituzte batzuetan... 

J.M.: Martxa hartzen ari da Jalgi berriro, pandemia eta gero berriz ere ekitaldiak antolatzen, eta ea gurean kontzertu eder bat egiten dugun, polita litzateke. 

Areto berezia da Jalgi, musikariak eta zaleak metro (edo zentimetro) gutxitara egoten direlako. Mesede egiten dio horrek zuen musikari?

J.M.: Ez dut esaten taldekide bakoitzak bestearen gainean egon behar duenik, baina haiek oso gertu izateak, ikusteak motibatuta daudela, dena ematen eta zaleak ere bai, abesten entzuten dituzula...  Kontagiatu egiten du, berezia da. Hala ere, kontzertu bakoitza mundu bat da, batek ez du zerikusirik bestearekin, faktore askok dute eragina.

J.U.:  Gertutasun horrek indarra ematen dizu. Pandemiagatik jarritako neurriak kendu izanak laguntzen du horretan. Atxegalden [Usurbil] jo genuenean, adibidez, eszenatokia oso handia zen, eta taldekide bakoitza urrun zegoen bestearengandik, eta ikusleak 50 bat metrora, eserita, koronabirusagatik. Mogambo aretoan ere izan ginen, 20-30 pertsonarentzat jotzen, bestelako giro bat zen, intimoagoa.

"Kontzertuetan taldekide eta zaleengandik gertu egotea berezia da"

Zuen Instagram kontuan jartzen du "punk rock melodikoa" egiten duzuela.

J.U.:  Bai, beno, rock-a bada, hori seguru, baina zaila da estiloa definitzea, gutako bakoitzak bere gustuak eta erreferenteak ditu. Musika genero bat edo bestea izan, ikusten badugu ona dela eta zerbait egin dezakegula, aurrera. Jagoba eta biok estilo nahiko antzekoak entzuten ditugula esango nuke.

J.M.: Bai, hala da. Urru, adibidez, punkarragoa da, eta Xuarrek nazioarteko musika asko entzun eta kontrolatzen du. Gure artean baditugu bromak, batzuk poperoagoak ote garen... Estilo zehatza zein den esatea zaila da, egiten dugun musikan eragina du bakoitzari gustatzen zaionak.

Bakoitzak bere erreferenteak, bere gustuak... Hori dena batu eta 'Estimuluen bidaia' diskoa sortzea erraza izan al zen?

J.U.:  Dena aldatu zen disko bat grabatzea erabaki genuenean, serioago hasi ginen lanean, abestiak sakonago lantzen, elementu bakoitza gehiago zaintzen. Estudioan sartu ginenerako hiru bat kanta eginda genituen.

"Dena aldatu zen disko bat grabatzea erabaki genuenean, abestiak sakonago lantzen hasi ginen"

J.M.: Errudun eta Haize ufadak eginda genituen pandemia iritsi zenerako, Deiadar eta Ezin dut gehiago konfinamenduaren ostean egin genituen... Azken kanta Urruna izan zen, eta badu bere istorioa, Julen Urrozola bajistak punk estilo nabarmenagoa zuen abesti bat egin nahi zuelako, eta alde horretatik gogorragoa da, ez du zerikusirik, adibidez, Deiadar-ekin, diskoa irekitzen duen kantuarekin. 

Ozen Estudioan grabatu zenuten lana. Zer moduzko esperientzia izan zen?

J.M.: Jurgi [Taboada] eta bere estudioa Instagram bidez ezagutu genuen, eta harekin jarri ginen harremanetan. Hasiberria izan arren, oso ona zen, asko zekien, oso motibatuta zegoen. Prozesuaz asko disfrutatu genuen.

J.U.: Uste dut asmatu genuela erabaki hori hartzean. Ekonomikoki guretzat askoz aukera hobea izateaz gain, lan asko egin zuen gurekin. Ez zeukan estudio oso bat etxean, baina grabatzeko tresnak bai. Iazko uda hasieran hasi ginen grabatzen, eta bateria egun batean egin genuen, baxua beste batean, gitarra bitan eta ahotsa eta koruak beste bitan. Diskoa abuztuan kaleratu genuen.

Esan bezala, 'Estimuluen bidaia' izena du diskoak. Zergatik?

J.U.: "Kinada" hitzak ere hori esan nahi du, estimulua, eta diskoarekin lotu genuen kontzeptua. 

Hori zen hurrengo galdera, taldearen izenarena, baina aurreratu egin zarete.

J.M.: Taldearen izenarekin ibili ginen bueltaka, beste aukera batzuk aztertu genituen. Batez ere, Legez Kanpo gustatu zitzaigun, baina hartuta zegoen!

J.U.: Fisiologia ikasten ari naiz, eta pentsatu nuen terminoren batek balio zezakeela talde baten izenerako. Kinada ikusi, taldekideei proposatu, eta aurrera egin genuen. Estimulu bat da, neuronen artean gertatzen dena, eta nerbio sistemara doana gero.

"Kinada hitzak estimulua esan nahi du: neuronen artean gertatzen da, eta nerbio sistemara doa gero"

Noiz batu zineten taldea sortzeko?

J.U.: Urru, Xuar eta hirurok kuadrilla berekoak gara, eta hitz eginda genuen talde bat egitea. Abeslaria falta genuen.

J.M.: Azken Ostiral bat eta gero, manifestazioaren ondoren Xuarrek komentatu zidan taldearena, eta hurrengo eguneko entsegura joateko esan zidan, bertsio batzuk joko zituztela, eta ea zer moduz ateratzen zen. 2018ko azaro aldera izan zen hori.

J.U.: Lehen kontzertua Jalgin eman genuen, 2019ko Sorgin Jaietan. Izenik ere ez genuen oraindik, Talde Sorpresa gisa joan ginen kartelean. Oso urduri geundela gogoratzen dut.

J.M.: Desastre bat izan zen (barreak).

J.U.: Zentzu horretan, polita da Jalgira itzultzea, lehen aldi horretatik asko eboluzionatu dugulako, esperientzia hartu... Ez gara horren urduri igotzen orain eszenatokietara.

"Polita da Jalgira itzultzea ia hiru urte eta gero, lehen kontzertutik asko eboluzionatu dugu"

Argazkia: Larrun Pikabea.

Berriz ere herrian jo aurretik, han eta hemen izan zarete...

J.M.: Horretan lagundu digu jende asko ezagutzeak, lauok kanpoan ikasten edo ikasi izan dugu, eta azkenean, hitz egiten duzu pertsona askorekin, talde bat dugula, eta aukera dezente izan ditugu kontzertuak emateko. Orain arte behintzat, gu gustura egon gara, eta joan direnak ere uste dut baietz, parranda ederrak behintzat egin dituzte (barreak). 

Zer nolako harrera izan dute diskoak eta taldeak, oro har? Zer esan dizue jendeak?

J.U.: Ingurukoengandik, lagun kuadrillarengandik-eta, babes handia sentitu dut, ilusioa egin die ikusteak gertuko pertsona batzuek disko bat egin dutela, itxuraz urrun gera zitekeen zerbait. Musikalki ez da beste munduko ezer, egitura sinplea du, baina hori bai, ez genuen espero soinu kalitate hori, eta horrek zaleak ere harritu ditu; askok esan digute.

J.M.: Ez dut uste entzule batek Estimuluen bidaia aukeratuko duenik kanta bakoitzaren detaile bakoitzaz gozatzeko, alde horretatik sinple samarra da. Nire ustez, kotxean entzuteko lana da, hogei bat minutukoa. Toki batetik bestera joan bitartean, lagunak entzuten dituzu. 

J.U.: 300 CDko tirada egin genuen gutxigorabehera, eta gehienak saldu direla esango nuke, ez dira asko falta. 

J.M.: Disko fisiko batek, kamisetek... Txorakeria dirudi, baina gauza horiek laguntzen dute zure burua ezagutzera ematen.

Gazte lasarteoriatar batzuek horrelako proiektu bat martxan jarri dutela ikusteak eta disko bat egin dutela ikusteak poza ematen du, egia esan.

J.M.: Gauza ederra litzateke garai bateko giroa berreskuratzea, gu txikiak ginenean Xirimiri elkartean egiten zituzten kontzertuak, ez genuen topera ezagutzerik izan, Gaueko Itzalak taldea, adibidez. Hala ere entzuten dituzu berri onak: Julen Basterrak disko bat atera du, Aroa Lasak beste bat, Hilotz taldea, Rukulako Oihan [Agirretxe], Maialen Aristegi, Pogrom...

Beste disko bat prestatzeaz hitz egiten hasi al zarete?

J.U.: "Disko" hitza ez dugu aipatu oraindik, baina sortzen jarraitzeko gogoz gaude, hori argi dugu. Esango nuke esperientzia irabazi ahala, kontzertuak eman ahala, gero eta denbora gehiago behar dugula kantu berriak sortzeko, dagoeneko ez da nahikoa abesti bat inprobisatu, entseatu eta zuzenean jotzearekin. Hala ere, orain zailagoa da hori egitea, Xuar Bartzelonan dagoen bitartean... Itzultzen denean, beste martxa bat hartuko dugu sormenari dagokionez; nire ustez, Xuar bera da gaitasun handiena duena horretarako.

J.M.: Entzuleei begira ere, ari gara lanean beti kantu berberak ez jotzeko, bi berrirekin ari gara orain. Egongo da Dokara eta Jalgira etorriko denik, kantu zerrendaren ordena aldatu beharko dugu behintzat!