Idazleak azpimarratu zuenez, protagonistak "krisi gogor bat" biziko du, eta horrekin bilaketa pertsonal prozesu bat hasiko du, gizakien arteko harremanetan ardaztuta: familia, lagunak, alor profesionala, sexualitatea... Zentzu horretan, adierazi du sexua "esplizituki eta naturalki" landu duela, eta "sutsuki" aldarrikatzen duela hori. "Uste dut, denbora luzez, emakumezko ahots literarioei ebatsi egin zaiela hori". Gehitu zuen nobelaren beste oinarrietako bat dela artea, hori esploratzea, ez soilik sortzeko, baita ere bizi eta emozionatzeko. Ogibidez diseinatzaile grafikoa da, eta libururako ilustrazioak berak egin ditu, esaterako, portadakoa. Myriam ere diseinuaren alorreko profesionala da, eta artea "erredentziorako eta oreka berrezartzeko" modu bat da berarentzat, Serranoren aburuz. "Artea bizitzeko modu hori sendatzailea dela ikusiko du, laguntzen baitio bere dependentzia emozional eta afektiboetatik askatzen; Juguetes de niño sádico pertsona baten berreraikitze prozesuari buruzko nobela da, artearen bidez bideratutakoa".
Izenburuari buruz ere galdetu zioten, eta erantzuteko, liburuko pasarte bat irakurri zuen (erredakzioan itzuli dugu): "Existitzekotan, jainkoa ume sadiko bat izango litzateke, aspertuta dagoen psikopata bihozgabe bat [...] Gizakiok jostailuak izango ginateke harentzat, eta beretzat ez genuke apenas baliorik izango gurekin jolastu eta dibertitzeaz harago". Edonola ere, hipotesi horren kontrapuntua ere jorratu du nobelan: "Laguntasunak sekulako mesedea egiten digu pertsonoi; itxuraz txikikeria izan daitezkeen keinu edo hitzek bizitza alda diezagukete egun batetik bestera. Horrek esan nahi du ardura dugula elkar zaintzeko".
Liburuak 18,90 euro balio ditu eta liburu dendetan zein sarean eros daiteke, esaterako, Alberdaniaren webgunean.