Igandean BTT probak hartuko ditu Andatza eta Buruntza mendietako magalak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko apirilaren 7a

Udal ordezkariak, antolakuntzako kideak eta babesleak, BTT probaren aurkezpenean.

Igandean, hilaren 10ean, goizeko 9:00etan, gure herrian errotu den BTT proba jokatuko da. Mx Racing eta Saiatuz kirol elkarteek elkarrekin antolatutako probak Lasarte-Oriako Udalaren eta Lurauto BMWren babesa jasotzen du eta guztiek batera egin zuten aurkezpena atzo erguerdian

500 bat parte-hartzaile izango dira aurten proban. Antonio Mercero plazan abiatu eta hiru ibilbidea egingo dituzte (25 km., 32 km. eta 42 km) Andatza eta Buruntza mendietan zehar. 

Iñaki Blanco Saiatuz taldeko kideak azaldu duenez, "aurreko urteetako formatua mantendu dugu. Lehenik, gurasoek haur eta gazteekin egiteko moduko ibilbidea dugu. Eta gero zailtasun handiagoa duten goi mailako eta pro mailako ibilbideak daude. Andatza mendi inguruan egiten dira lehen biak eta azkenekoan Buruntza mendia ere igotzen da".

Dortsalik ez libre

Agerraldian jakitera eman dutenez ez da dortsalik hartzeko aukerarik izango. MX Racing taldeko Iñaki Larrea kideak azaldu duenez, "Gipuzkoako Foru Aldundiak 500era murriztu du kopurua eta parte-hartzaile kopurua bete da. Jendea gustura datorrela dirudi, sortzen den giroarengatik edo... eta azkar amaitu dira dortsalak".

Horrez gain, antolatzaileek dortsalak aurretik hartzeko gomendioa egin dute. Horretarako apirilaren 9an, larunbatearekin, Urbil merkatalguneko Eroskin dortsalak banatuko dituzte. 10:30etik 14:00etara jaso ahal izango dira.

Larunbatean posible ez dutenek ere egunean bertan aukera izango dute Antonio Mercero gunean dagoen lokalean, 7:30etik 8:30era.

Era berean, Larreak eskerrak eman nahi izan dizkie Lasarte-Oriako Udalari eta Lurauto BMWri ematen duten babesarengatik eta hurrengo edizioa antolatzen hasi direla ere aurreratu du, "proba martxan dagoen bitartean, helmuga puntuan ez da ezer egiten. Hurrengoan haurrekin zerbait egiteko asmoa dugu eta horretan ari gara lanean. Etorkizuna ere landu behar da".

Guztiek gonbita egin diete herritarrei Antonio Mercero plaza eta Askatasunaren parkera hurbildu eta "bertan sortzen den giroaz" gozatzera.