ESKUALDEA

Imagine jantzi denda, Buruntzaldeko bitxia

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 7a, 09:52

Gipuzkoako Bazkundeak 10 Bitxiak sarien bidez, eskualde bakoitzean "distira" gehien duen merkataritza establezimendua aukeratzen du urtero. Aurtengo saria, Buruntzaldeko Lasarte-Oriako Imagine jantzi dendak irabazi du.

Gipuzkoako Bazkundearen 10 Bitxiak sarietako bat jaso du Lasarte-Oriako Imagine arropa dendak. Buruntzaldea eskualdeari dagokiona lortu du hain zuzen, Ainhoa Oyarbide negozioaren jabeak, eta horren inguruan hitz egin du txintxarri-rekin.

Kontatu du saria irabaztea "sekulako poza eta esperientzia berri bat" izan dela. Egun batean aipatu sarien berri ematen zuen Gipuzkoako Bazkundearen mezu elektroniko bat jaso zuen, eta interes gehiegirik piztu ez zionez, kasu gehiegirik ez egitea erabaki zuela. Egun batzuk igarota, ordea, pentsatu zuen aukera polita izan zitekeela parte hartze hutsa, eta gerta zitekeenaren esperoan sarietarako izena ematea erabaki zuen.

Jakinarazi du, aurten komertzioetako bezeroen ardura izan dela bozkak ematea, eta hori lagungarri izan zaio Oyarbideri. Arropa dendaren sare sozialetan jarri zuen sariketan parte hartzen ari zela, eta babes ederra jaso zuen: "Egun batean, dendan lasai-lasai nengoela bazkundeko kide bat agertu zen. Zertara ote zetorren ba ote nekien galdetu zidan, eta nik ezetz. Orduantxe esan zidan Buruntzaldeako eskualdeari zegokion 10 Bitxiak sariaren irabazlea nintzela". Konfidentzialtasun kontratu bat sinatu behar izan zuela ere ekarri du gogora.

"Munduko bezero onenak"
Oso eskertuta agertu da Oyarbide bere dendako bezero guztiekin, "munduko onenak" direla nabarmendu du: "Oso eskertuta nago beraiekin". ahalegin handia egiten duela horiei guztiei ahalik eta tratu gertukoenena emateko: "Bezero izatetik lagunak izatera igaro dira asko".

Dendara ekartzen dituen salgaiak ere horiengan pentsatuz erosten ditu, "denen gustuko jantziak" egon daitezen: "Eskaerak ere egiten dizkidate eta horien betetzen saiatzen naiz, nahiz eta beti ezinezko zaidan". Jendeak tratu hori asko eskertzen duela uste du. 

Sare sozialak, ezinbestekoak
Buru-belarri aritzen da dendaren sare sozialak astintzen. Argi dauka salmentak izateko ezin duela bezeroak etorri zain, eskuak gurutzatuta geratu: "Bezeroen sakelakoan, ordenagailuan, etxean sartzea ezinbestekoa da negozioak aurrera egin dezan". Aitortu du "lan asko" dela hori kudeatzea, baina "ezinbestekoa" ere bai.

Elkarrizketa amaitu aurretik azpimarratu nahi izan du, pandemia garaian bezeroek herriko komertzioetan erosteko hartu zuten ohitura galdu egin dela: "Badakit prezioen gorakadak beldurra eragin diola jendeari, baina pena handia ematen dit; herriko establezimendu txikiak galtzen badira, hil egingo dira herriak. Familia ugari nirea bezalako negozio txikien atzean".