Infantil Mailako Eguzki taldeak erronka zaila izango du asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko apirilaren 6a

Infantil mailako Eguzki Areto Futbol taldeko jokalaria atera jaurtitzen. Arg.: Txema Valles.

Infantil Mailako areto futbol Liga amaitzear da. Lehiaketako txapelduna erabakiko duen azken fasea jokatzen ari da eta Eguzki Areto Futbol taldeko gazteak finalaurrekoetan daude. Nahiz eta ongi jokatu, joaneko partida 3-7 galdu du. Etorriko neurketan itzulia ematea zaila dirudien arren, "onena emanez" aurre egingo diote aurkariari

Hilaren 3an, joaneko partida lehiatu zen Maialen Chourraut kiroldegian. Aurrean Antiguoko KE Clinica Dental Goyeneche taldea izan zuen herriko taldeak.
Ongi prestatu zuen partida Eguzki taldeak. Aurkariaren jokoa oztopatu eta erasoan aukera ederrak sortu zituen. Horri esker, bi gol ere sartu zituen atsedenaldira iritsi baino lehen.

Bigarren zatian, ordea, huts ugari izan zituen taldeak eta horietaz baliatuz partidari itzulia eman zion aurkariak, 2-3. Eguzkik ez zuen amore eman eta berdinketa lortu zuen.

Alabaina, Donostiako taldeak beste lau gol lortu zituen eta kanporaketa maldan gora jarri zion Eguzkiri. "Zail izango da etorriko neurketan emaitzari itzulia ematea, baina saiatuko gara eta gure onena emango dugu," adierazi du Gorka Redondo entrenatzaileak.

Emaitzatik haratago, pozarren dago taldeak egindako lanarekin: "Ederki jokatu dute haurrek eta nagusi izan gara. Baina bigarren zatian izan ditugun huts txikiek baldintzatu dute emaitza. Hala ere, kontuan izan behar da gure taldea lehen urtekoa dela eta asko duela ikasteko".